BFAk Bizkaia Kirolak 2009 Sariak banatu ditu
2009-12-01 10:54Sari horreek kirola egitea sustatu, zabaldu eta garatzeko lan egiten daben persona, entidade edo erakundeei emoten jakez. Sariak ohorezkoak dira -ez da dirurik emoten-.

Bizkaiko Diputadu Nagusi Jose Luis Bilbaok Bizkaia Kirolak 2009 Sarien 2009ko edizinoari jagokozan sariak emon ditu. Sari horreek kirola egitea sustatu, zabaldu eta garatzeko lan egiten daben persona, entidade edo erakundeei emoten jakez. Sariak ohorezkoak dira -ez da dirurik emoten-.
Bizkaia Kirolak Sariak hainbat kategoriatan banatzen dira. 2009an holan banatu dira:
- Kirol talde edo alkartearentzako saria: Basauri Eskubaloi Taldea.
Erakundea 2006an sortu zan, 20 urte baino gehiagoko historia eukien Club Balonmano Basauri taldea (emakumezkoak) eta Basauri Eskubaloi Taldea (gizonezkoak) batu ziranean.
- Ikastetxearentzako edota guraso-alkartearentzako saria: Burtzeñako Nuestra Señora del Rosario ikastetxeko IGE.
Saria denporaldi honetan izandako partaide kopuruaren igoereagaitik eta kirol-aniztasunaren alde (Herri Kirolen arloko jarduerak be baditu) egindako apustuagaitik emon jako.
- Kirol federazinoarentzako saria: Bizkaiko Golf Federazinoa.
Federazinoa, Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazinoagaz batera, golfean hasteko programatan egindako lanagaitik nabarmentzen da.
-Kirol ibilbidearentzako saria: Carmen Braum Moll.
Aldundiak Braum-ek eskubaloian izan dauen kirol ibilbide luze eta arrakastatsua balorau dau.
Kirolaria bere espezialidadean dagozan estamentu guztietan egon da: kirolari, prestatzaile, arbitro eta zuzendaritza taldeko kide be izan da.
Kirol arloan, La Salle taldeagaz ailegau zan emakumeen eskubaloiko kategoria gorenera. Bestalde, hamabi urtez Bizkaiko Eskubaloi Federazinoko arduraduna izan da.
- Jolas kirolaren arloan (beteranoak) egindako lanagaitik pertsona edo erakunde bati emondako saria: Regil familia.
Sariak familia honek, besteak beste, mendiko jolas-kirola, eskaladea eta eskia sustatzeko egin dauen lana autortu dau.
Bizkaia Kirolak Sariak harri, edur eta gailurren artean landutako 'Regildarren arimea' goraipatu gura dau.
- Ezintasunen bat daben personen eta personentzako kirolaren arloan egindako lana dala eta, persona edo erakunde bati emondako saria: Porfirio Fernandez Zubizarreta.
Sariak kirolari ezindu moduan mahai-tenisean edo piraguismoan lortutakoa izan dau kontuan, baita Persona Ezinduentzako Kirolaren arloan egin dauen lana be.
Egun, sariduna Kirol Egokituaren Euskal Federazinoko presidentea da eta estadu mailako federazinoko kide be bai. Bizkaiko federazinoko agintari gorena be izan da.
- Toki Administrazinoko erakundearentzako saria: Bermeoko Udalaren Patronatua.
Saria honako arrazoiakaitik emon jako: kudeaketeagaitik, interes bereziko jarduerak antolatzeagaitik, kirol jardueren arloan dauen eskaintza zabalagaitik eta bertako kirolak sustatzeagaitik.
Bizkaia Kirol Sariak
Sari honeek 2006an sortu zituan Bizkaiko Foru Aldundiak, lurralde historikoan jarduera hau herritar guztiakana hurreratzeko ekimenagaitik edo kirolaren alde egin daben lan anonimoagaitik, nabarmendu diran persona fisikoei, erakunde juridikoei, alkarteei… jentaurrean esker ona adierazoteko.
Bizkaia Kirolak 2009 sariakaz laugarren edizinoa bete da. Aurreko urteetan honako honeei emon jakezan sariak:
- 2008: Elorrieta Kirol Taldea; Mungia BHI — Mungiako Santa Maria, IGE; Bizkaiko Arrantza eta Casting Federazinoa; kirol ibilbidearen saria, Isabel Rodriguez Bergareche; jolas-kirolean egindako lanagaitik, Jose Luis Orozko 'Txelis'; ezinduen eta ezinduentzako kirolean egindako lanagaitik, Javier Otxo Palacios; Getxoko Udala.
- 2007: Santurtziko Colegio María Hijas de la Cruz ikastetxea; Bizkaiko Surf Federazinoa; Fernando de Castro Otxandiano pelotaria; Josu Hernandez Jambrina, atletismoan egindako ekarpenagaitik, eta Iñaki Castañeda Sáez, ezinduak gizarteratzeko egindako lanagaitik.
- 2006: Bilboko Felix Serrano herri ikastetxea; Bizkaiko Hipika Federazinoa; San Inazio Beisbol alkartea; Julen Guerrero, Athleticeko jokalari ohia; Jose Luis Romero atleta beteranoa; eta Javier Conde, Olinpiada Berezietako kirolaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!