We Are Standard getxotarrentzat Artista Espainiar Onenaren MTV Saria

Bizkaie! 2009-11-06 14:16   Musikea

Europako Emonaldi Onenaren sarietarako hautagaietako bat izan da We Are Standard taldea beste 20 talde eta bakarlarigaz batera, baina, azkenean, ez dabe garaikur hori lortu, maNga talde turkiarra izan da kategoria horretan irabazlea.

We Are Standard talde getxotarrak irabazi dau 2009ko Artista Espainiar Onenaren MTV Saria, AEBetako telebista-katearen 'MTV Europe Music Awards' sarien barruan. Talde getxotarra Fangoria, Russian Red, Nena Daconte eta Macaco lako taldeen aurretik jarri eta Estaduko ordezkari bihurtu zan. Izendapen horregaz, Europako Emonaldi Onenaren sarietarako hautagaietako bat izan da beste 20 talde eta bakarlarigaz batera, baina, azkenean, ez dabe garaikur hori lortu, maNga talde turkiarra izan da kategoria horretan irabazlea.

Sari banaketea Berlingo O2 World Arena aretoan egin dabe, Kate Perry abeslari estadubatuarrak aurkeztuta. Ekitaldi dotorea izan da eta bertan, Shakirak, U2k eta Tokyo Hotelek zuzenean jo dabe.

We are Standard Getxon (Bizkaia) sortu zan 2002an, eta punk-funk eta dance-rock estiloak buztartzen ditu. Taldea bost lagunek osotzen dabe: Deu Txakartegi, Jon Agirrezabalaga, Javi Leta, D.W.Farringdon eta Juan Escribano.

Euren lehenengo diskoa (3.000 V-40.000 W) 2006ko martian argitaratu eban Mushroom Pillow diskoetxeak, eta harrera ona izan eban zaleen artean. Dana dala, behin-betiko arrakastea 2008 urtean etorri jaken, bigarren diskoa (We Are Standard) kaleratu ebenean.

Ekitaldian, Beyonce abeslari estadubatuarra izan da izarra, izan be, berak jaso ditu sari nagusiak (Emakumezko Artista Onena, Abesti Onena eta Bideo Onena).

Galtzaile nagusienen artean, saririk jaso ez dituen ondokoak nabarmendu daitekez Kings of Leon, Lady Gaga, Black Eyed Peas eta Jonas Brothers.

Azken buruan, MTV telebista-kateak Michael Jackson omendu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu