Zientziastea'09 Bilbon zemendiaren 11tik 15era bitartean

Bizkaie! 2009-10-30 14:00

Zientziastea'09 Euskadin zientzia, teknologia eta barrikuntzea ezagutarazoteko antolatzen dan gizarte-jarduerea da. Zeregin horreetan dabilzan euskal erakundeek parte-hartze zuzena dabe dibulgazino eta zabalpen alorreko ekintzez beteta dagoan programa ezin zabalagoan.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Zientziastea'09 Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen IX. Astea antolatu dau Euskal Herriko Unibersidadeagaz (EHU) eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailagaz alkarlanean, zientzia, teknologia eta barrikuntzea sustatzeko helburuagaz. Aurreko urteetan legez, Arenalean kokatutako karpa batean egingo da.

Aurten, dibulgazino zientifikoa sustatzea helburu daben bi lehiaketatarako deia luzatu dau ekimenak. Lehenengo lehiaketearen bitartez, gizakien aurrerabidean lagungarriak izan diran aurrerapen zientifikoak saritu nahi dira, eta bigarrenagaz, Bilboko hiru argazki geologikorik onenak aukeratuko dira, antolatzaileek jakinarazo dabenez.

Zientziastea'09 Euskadin zientzia, teknologia eta barrikuntzea ezagutarazoteko antolatzen dan gizarte-jarduerea da. Zeregin horreetan dabilzan euskal erakundeek parte-hartze zuzena dabe dibulgazino eta zabalpen alorreko ekintzez beteta dagoan programa ezin zabalagoan, esperimentuak, jokoak, erakustaldiak eta ibilbide didaktiko, praktiko eta interaktiboak tarteko dirala, beti be aurrerapen zientifikoek eguneroko bizimoduan daben eragina nabarmentzen daben dibulgazino-azalpenez lagunduta.

'Zientziazaleak' lehiaketearen bitartez, eskola-ikasleen arteko ikerketa-taldeak eratzea lortu nahi da, zientziak eta teknologiak giza-aurrerabidean eragina izan daben kasuren bat azal daien. Epaimahaiak berariaz balorauko ditu taldeek egindako ekarpenak. Talde bakotxak hiru eta bost kide artean izango ditu, eurek aukeratutako zientzilari ospetsu baten izenagaz identifikauta. Hamasei urtetik gorakoen kasuan, parte-hartzea banakakoa izango da, eta kasu batean zein bestean, lanak bialtzeko epea zemendiaren 1ean amaituko da.

Bi edade-kategorietan, lehen saria lortzen dauen taldeko kide bakotxak 'netbook' bat eskuratuko dau, 'i-Pod Couch' bana bigarren taldekoek eta azken belaunaldiko eskuko terminal bana hirugarren postua lortzen dauen taldeko kideek.

Bestalde, Bilboko I. Geologia Argazki Lehiaketeak sariak banatuko ditu geologiako edozein adarrekin lotutako argazkien artean, alderdi zientifikoak nahiz artistikoak gogoan hartuz. Argazkiek barriak eta argitaratu bakoak izan behar dabe, koloretakoak zein zuri baltzez egindakoak, eta ez dira ontzat hartuko era digitalean manipulauta dagozanak.

Lehiaketeak bi kategoria ditu (DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendutakoak, hurranez hurran), eta sariak mendiko-erropea lortzeko erosketa-txartelak izango dira. Argazkiak posta elektronikoz bialdu behar dira zemendiaren 6a baino lehen, eta sari-banaketea zemendiaren 15ean egingo da Areatzan kokatuko dan Zientziastea'09ko karpako Geologia atalean.

Era berean, Zientziastearen barruan, publiko desbardinei zuzendutako tailerrak eta bisitaldi edegiak egingo dira zemendiaren 11tik 15era bitartean: Bilboko Arkeologia Museoa eta Sarrikoko zuhaitzak ikusteko bisitaldiak, ibilbide geologikoak, Pagasarrirako igoerea eta ibilbideak itsasontziz itsasadarrean zehar; tailerrak Arenaleko karpan (Ikuskizun zientifikoa, Eskultura matematikoa, Magia eta Matematika, eta Papiroflexia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu