Bilboko Udalak lokal bat laga deutso Eusko Ikaskuntzari

Bizkaie! 2009-10-23 11:14

Eusko Ikaskuntzak Bizkaiko egoitza barria izango dau Isozaki torreetan, Bilboko Udalagaz sinatu dauen lagapen-hitzarmenari esker. Epeak irauten dauen bitartean -hamar urte-, lokala Eusko Ikaskuntzaren Bizkaiko egoitza legez baino ezin izango da erabili.

Eusko Ikaskuntzak Bizkaiko egoitza barria izango dau Isozaki torreetan, Bilboko Udalagaz sinatu dauen lagapen-hitzarmenari esker. Bi solairuko lokala da, ia 170 metro koadroko azalera erabilgarria dauena, Uribitarte pasealekuko 10ean dago (Isozaki Atea egoitza-multzoaren ezkerreko torrean) eta Bizikidetza Plazan dauka sarbide zuzena.

Hamar urtez itxiko deutso Eusko Ikaskuntzari udal titulartasuna dauen erdiguneko lokalaren erabilerea eta, epe hori amaitzerakoan, bi alderdien adostasunaz baino ezingo da hitzarmena luzatu.

Epeak irauten dauen bitartean, lokala Eusko Ikaskuntzaren Bizkaiko egoitza legez baino ezin izango da erabili eta Eusko Ikaskuntzak berak hartuko ditu bere gan lokala moldatzeko eta mantentzeko gastuak. Ganera, lokala baldintza onenetan bueltetako konpromisoa be hartu dau erakundeak.

Bilboko Udalaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lankidetza-harremanaren barruan sartzen da Isozaki torreetako udal lokala lagateko hitzarmena. 1995etik indarrean dagoan lankidetza horren ondorioz hainbat jarduera kultural bideratu dira, besteak beste, sinposioak, jardunaldiak, ikerketa zientifikoak eta Eusko Ikaskuntzaren atal zientifikoek bultzatutako beste zenbait jarduera.

Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako aldundien ekimenez eta irabazi asmorik bako erabilera publikodun erakundea da. Bere jarduera diziplina anitzekoa da eta hainbat lurraldetan bideratzen da, euskal kulturearen oinarrizko bakotasunak eta erronkak argitzeko asmoz.

Eusko Ikaskuntzak presentzia handia dauka Bilbo zein Bizkaiko gizartean eta erakundeetan. Erakundeak kulturearen eta zientziaren arloan egiten dauen lanaren helburua da euskal kulturearen balore tradizionalak finkatu eta kultureari jagokonez euskaldunak diran eremuetako bizilagunentzat onuragarriak izango diran balore barriak sortzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu