BiscayTIK proiektua aurrera doa

Bizkaie! 2009-10-13 12:46

Aurrerabide horreetan koka daitekez BiscayTIK Fundazinoak egingo dituan hurrengo jardueretako batzuk, besteak beste, EHUgaz eta Deustuko Unibersidadeagaz sinatuko dauen lankidetza hitzarmen bat (15 beka emoteko), nazinoarteko zenbait biltzarretan parte hartzea proiektua ezagutarazoteko, eta Bizkaiko udalakaz eta herritarrakaz egin nahi dituan jarduerak

BiscayTIK proiektua aurrera doa bere alderdi guztietan, eta asmoa da jatorrizko helburuei eustea: komuniketako bide barria dan Interneten bidez, Administrazinoa eta herritarrak hurreratzea, eta, holan, herritarren eta Administrazinoaren arteko alkarreragina erraztea; Bizkaiko udalen informatika-tresnak homogeneizetea, udal horreen barne-kudeaketea eta herritarrakazko hartu-emonak hobetzea, eta Bizkaia nazinoarteko erreferente bihurtzea udal administrazinoan informazino eta ezagutza teknologien aplikazinoari jagokonez.

Hiru helburu horreek proiektuaren hiru ardatzetan gauzatzen dira, eta horreek be aurrera doaz: posta elektronikoko zerbitzua herritarrentzat, udaletarako informatika-programak eta herritarrek izapideak egiteko web ataria, eta zentro teknologiko bat, nazinoartean erreferente izango dana.

Holan, ba, aurrerabide horreetan koka daitekez BiscayTIK Fundazinoak egingo dituan hurrengo jardueretako batzuk, besteak beste, EHUgaz eta Deustuko Unibersidadeagaz sinatuko dauen lankidetza hitzarmen bat (15 beka emoteko), nazinoarteko zenbait biltzarretan parte hartzea proiektua ezagutarazoteko, eta Bizkaiko udalakaz eta herritarrakaz egin nahi dituan jarduerak, bai web ataria zabaltzeko, bai bizkaia.eu dominioaren izenpean posta elektronikoko kontuan aktibetako.

Asteon, BiscayTIK Fundazinoak zenbait lankidetza hitzarmen sinatuko ditu EHUgaz eta Deustuko Unibersidadeagaz azken urteko ikasleentzako 15 beka abian jarteko. Diru-laguntzino horreek zemendiaren 2an hasiko dira, eta hamar hileotan, hamabost gazte trebatuko dira Fundazinoak Leioan dauen egoitzan. Denpora horretan, hainbat arlotan trebatuko dira gazteok: BiscayTIK proiektuaren helburuak eta garapen teknikoa, sektore publikoaren eta IKTen arteko hartu-emonak, negoziobide burudunak eta BiscayTIKen bitartez garatu daitekezan teknologia barriak. Beka horreen azken helburua da gazte horreek guztiak sektore horretan profesionalizetea eta proiektua garatzen laguntzeko aukera zuzena izan daiela.


Jakinmina nazinoartean

Azken hileotan, ezin konta ahala informazino eta zehaztasun eskaera bialdu ditue erakundeek, toki eta lurralde gobernuek, enpresa publiko eta pribatuek, herritarrek eta sektore guztietako profesionalek, proiektuaren barri jakin guran. Jakin-min adierazpen horreei guztiei, hainbat biltzar, jardunaldi eta hitzaldi saioetatik jasotako eskaerak (BiscayTIK proiektua azaltzera joatekoak) gehitu behar jakez, bai estadu barrukoak bai nazinoartekoak.

Horreetako batzuei erantzun guran, Ibon Oñate BiscayTIK Fundazinoaren zuzendari nagusiak Mexikon egingo dan biltzar batean parte hartuko dau, urriaren 21ean eta 22an. Uri Digitalen X. Iberoamerikar Topaketa Veracruz urian egingo dabe eta Ibon Oñatek honako jardunaldi honeetan parte hartuko dau: 'Aplicaciones TIC: Soluciones para un periodo de crisis' eta 'Conectando Comunidades- Iniciativa de la Plataforma de Servicios para los Ciudadanos'.

Hainbat lagun batuko dira X. topaketa saio horretan: Mexikoko agintariak, nazinoarteko erakundeetako ordezkariak, sektore pribatuetakoak, adituak eta herritarrak. Guztiek izango dabe helburu IKTak toki administrazinoetan apliketeak dakartzan erronka barrien gainean gogoetea egitea, arloa aztertzea eta horren gainean eztabaidatzea. Lansaioak gaien arabera antolatuko ditue, eta askotariko jarduerak izango dira, besteak beste, maisu-berbaldiak, eztabaidak, mahai-inguruak eta lantegiak. Batzuetan zein besteetan, maila guztietako uri digitalei buruzko edukiak aztertuko dira.

Hara doala aprobetxatuz, Oñate jauna Mexiko Urira joango da, Samuel Podolsky Lehiakortasun Kontseiluko idazkariagaz batzartzeko, izan be, BiscayTIK proiektua hari jakinarazo eta lankidetza hitzarmenak bilatu nahi ditu.

Aurrerago, zemendiaren 17an, Bernan (Suitza) egingo daben Gobernu Elektronikoei Laguntzeko III. Sinposioan aurkeztuko dau BiscayTIK proiektua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu