Nazinoarteko kaleko musikarien 'Musikale' topaketeak 12 talde ekarriko ditu Bizkaiko lau udalerritara
2009-09-09 15:20 MusikeaLeioako, Basauriko, Erandioko eta Sestaoko kaleak musikaz jantziko dira irailaren 18tik 20ra bitartean ospatuko dan Musikale Nazinoarteko Kaleko Musikarien IX. Topaketeari esker. Portugaleko Desbundixie, Erresuma Batuko Redding Scottish Pipe Band edota bertoko Turukutupa izango dira, besteak beste, parte hartzaileak.
Uda sasoiko ekitaldi kulturalen agendea zarratzeko asmoz jatorku aurten be, bederatzigarrenez, Nazinoarteko Kaleko Musikarien IX. Topaketea Leioako, Erandioko, Basauriko eta Sestaoko Udalen, BBKren eta Metro Bilbaoren eskutik. Udalerriotako kaleak musikaz beteko dira hainbat herrialdetatik -Frantzia, Portugal, Italia, Asia...- etorritako 12 taldetako ia 200 musikariri esker. Euskal ordezkaritzea be izango da Taberna Ibiltariari eta Turukutupá perkusino-taldeari esker. Ekimenaren aurkezpenean Basauriko alkate Loli de Juan, Leioako Eneko Arruabarrena, Erandioko Joseba Goikuria, Sestaoko Kultura zinegotzi Jesus Maria Ruiz, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Jon Iñaki Zarraga eta BBK-ko ordezkari bat izan dira.
Irailaren 18tik 20ra, erritmo bizi eta koloretsuak izango dira protagonista Bilbo Handian. Basaurin, kasurako, 'irailaren hirugarren asteburuan ospatuko dituen herriko jaietarako martxea hartzeko balioko dau Musikaldiak', de Juan alkatearen esanetan. Erandion, musikea auzoetara zabaldu gura dabe eta, alkateak zehaztu dauen legez, 'aurten Lutxanako kaleek hartuko dabe Musikaldia'.
Errioxako Combo Express Band taldeak swing, blues, rock, bossa nova eta latin jazz erritmoak ekarriko ditu herri bizkaitarretara. Portugaletik Desbundixie etorriko da; Frantziatik Fanfare Á la Gueule du Ch´val, Sadunga, L´Aire ou la Cuisse Fanfare eta Le Gros Tube; Frantziako eta Kubako musikariz osotutako La Zikabilo-k tronpeta, saxofoia edota tronboia entzuteko aukerea eskainiko dau; Italiatik Magicaboola Brass Band-ek konposizino bereziak ekarriko ditu eta Erresuma Batutik Reddin Scottish Pipe Band dator. Azkenik, Kataluniako, Kanadako eta Frantziako kideek osotutako Trio Chikiboom hirukoteak emakumeen ahotsez jantziko ditu kaleak. Ekitaldiak goiz eta arratsaldez izango dira, goizean 12:30ean hasita eta arratsaldean 19:30ean (domekan, 18:00etan).
'Kaleak garrantzia hartzen dabe eta horrek jentea batu egiten dau', adierazo dau Arruabarrena Leioako alkarteak. Horren harian, Sestaon, herriko taldeek be parte hartuko dabe Musikaldian, lekuko musika-taldeen ekarpenagaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!