Frankismoaren biktimei gorazarrea Berrizen irailaren 11n

Bizkaie! 2009-09-09 17:58

Arratsaldeko 18:00etan, 'Esklabutzea frankismoan: errepideak eta fortifikazinoak mendebaldeko pirinioan' erakusketea egongo da ikusgai kultur etxean; 20:00etan, Oroimenaren Bidearen ondoan, lore eskaintzea egingo da; 20:30etan, afari-merienda Erralderen eskutik, udaletxearen lorategian eta, azken buruan, 21:30etan, Durangoko Orfeoiaren emonaldia, udaletxearen lorategian.

Berrizko Udalak aurten be, frankismoaren biktimei gorazarre egingo deutse datorren barikuan, hilak 11. Horretarako, erakusketea, lore-eskaintzea eta musika emonaldia antolatu ditu. Arratsaldeko 18:00etan, 'Esklabutzea frankismoan: errepideak eta fortifikazinoak mendebaldeko pirinioan' erakusketea kultur etxean; 20:00etan, Oroimenaren Bidearen ondoan, lore eskaintzea; 20:30etan, afari-merienda Erralderen eskutik, udaletxearen lorategian eta, azken buruan, 21:30etan, Durangoko Orfeoiaren emonaldia, udaletxearen lorategian.


Irailak 11, zergatik

Felipe Urtiaga alkate izan zana eta Jose Agirre guardia herritarra 1937an fusilau zituen eguna da. Uda horretan, abuztuaren 4an, Gregorio Urkijo herriko forala fusilau eben. Agustin Milikua herritarra, kartzelatu eta gaixotu egin zan. Egoera penagarrian egoan arren, ez eben askatu eta 1938ko zemendiaren 28an hil zan. Fermin Aranguren berriztarra Asturiasen atxilotu eben eta 1939ko abuztuaren 10ean fusilau.

Felipe Urtiaga Españako II Errepublikako aginte demokratikoan Berrizko herriak hauteskunde demokratikoetan aukeratutako alkatea izan zan. Alkate zala, 1931tik 1936ra, herriak hobekuntza handiak izan zituan: frontoia egin zan, Olakueta plazea barritu, Berrizko auzoetan eskolak eregi ziran edo ur biltegiak egin eta etxeetara ura eroan, besteak beste.

Felipe Urtiagak, 1936ko garagarrileko 18an, militarren kolpea izan zanean, orduko gobernu demokratikoa defendidu eban. Alkatea zanez, herriko Defentsa Komite buru izan zan 1936ko zemendiaren 29an udal batzarrak berrantolatu arte. Gregorio Urkijok eta Jose Agirrek Defentsa komite horretarako lan egiten eben; janari horniketan, herriko segurtasuna bermatzen, ebakuatuak antolatzen, eskumakoak kontroletan etab. Frankisten tropak 1937ko apirileko 25ean sartu ziran eta hortik aurrera frankismoaren errepresinoa izan zan nagusi. Felipe Urtiaga Berrizko alkatea, eta Jose Agirre 1937ko irailaren 11n hil zituen, fusilauta, Derioko kanposantuan. Gregorio Urkijo be Derion fusilau eben.

Felipe Urtiaga eta Jose Agirre hil zitueneko egunean egiten jake gorazarre frankismoaren biktimei, biktima guztiei: fusilautakoei, bestela hildakoei, iheslariei, kartzelan amaitu ebenei,... Berriz 1936 Gogoratzen alkarteak oraindino be ikertzen jarraitzen dau eta, besteak beste, izenak batzen dabil.


Egun honen aurrekariak

2005ean, Felipe Urtiaga izeneko plazan, haren omenezko oroigarria inaugurau eban Berrizko Udalak, Gerediaga Alkartearen ekimenari erantzunez.

2007an, Felipe Urtiaga eta Jose Agirre fusilau zituela 70 urte bete ziranean, Berriz 1936 Gogoratzen alkartea batu zan omenaldi-ekitaldietara, eta alkartea jentaurrean ezagutzera emoteko balio izan eban. Urtebetean, sasoiko jazoerak ikertzen jardun izan dabe alkarte honetako kideek.

2008. urtean, Berrizko Udala, Berriz 1936 Gogoratzen eta Gerediaga Alkarteak alkarregaz egun osoko omenaldia egin eben eta udalbatzak erabagita, udalerrian jai-eguna izan zan. Udaletxearen aurrean, 'Oroimenaren Bidea' inaugurau eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu