Pablo Milanesek zabalduko dau Folk Getxo BBK Jaialdia
2009-08-25 12:37 MusikeaAurten sarrerea pagau beharko da Folk Getxo BBK'09 Jaialdiko kontzertu nagusietan. Gauero, 21:30ean, izango dira emonaldiak Areetako Geltokiaren plazan eta 10 eta 15 euro bitarteko salneurria izango dabe sarrerek.
Mende laurena beteko dauen jaialdian, irailaren 3tik 6ra bitartean, hiru kontzertu izango dira egunero, horreen artean Pablo Milanes, La Bottine Souriante, Orchestre National de Barbes edo 'Euskal Musikea: 25 urte' proiektuko artisten emonaldiak. Gainera, umeentzako ikuskizunak, banden desfileak, Bidezko Azokea, kultura aniztasuna lantzeko espazioak eta herri desbardinetako gastronomia topauko doguz bertan.
Interkulturalidadea sustatzeko eta munduko musikak zabaltzeko asmoari eutsiz, azken 25 urteotan 300 artista baino gehiago (Silvio Rodriguez, Benito Lertxundi, Paco de Lucia, Carlos Cano, Chieftains, Kepa Junkera, Joan Manuel Serrat...) eta urtero batez beste 50.000 lagun erakarri ondoren, urteurren berezia da aurtengoa eta egitarau sano ederra preparau dabe antolatzaileek.
Zilarrezko ezteien ospakizunari dago lotuta aurtengo Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdia eta, horren harian, kontzertu berezia izango da aurten: 'Euskal Musikea. 25 Urte' izenburupean. Oreka TX, Oskorri, Gose, Maddi Oihenart, Niko Etxart eta Mikel Urdangarin izango dira bertan, euskal musikeari eta Folk Jaialdiari omenaldia egiteko. Partaideetako bakotxak bere errepertorioko lau abesti joko ditu, eta, gero, hurrengo taldea sartuko da, gure musikearen aberastasunaren erakusgarri. Irailaren 6an izango da, Areetako Geltokiaren plazan. Sarrerea 15 eurokoa da.
Pagau beharreko kontzertuak
Hasierako urteetan, Faduran egiten zan lez, aurten sarrerea pagau beharko da kontzertu nagusietan. Gauero, 21:30ean, izango dira emonaldiak Areetako Geltokiaren plazan eta 10 eta 15 euro bitarteko salneurria izango dabe sarrerek.
Sarrerak honezkero agortuta dagozala, Pablo Milanes kubatarraren doinuakaz hasiko dira jaialdiko kontzertu nagusiak, irailaren 3an, eguenean. Nueva Trova Cubana mobimentuaren sortzaileetako bat da Milanes eta lau hamarkadako ibilbide luzean, gai sozialak, politikoak eta maitasuna lantzen dituen abestiz osotutako 40 disko kaleratu ditu, azkena 'Regalo'; disko hori aurkeztera dator Pablo Milanes talde guztiagaz.
Irailaren 4an, Quebecetik helduko jakuz doinuak. La Bottine Souriante taldea Getxon izango da, Frantzia, Ingalaterra, Irlanda eta Eskoziako folk musikearen buztarketeagaz. Denporeagaz Quebeceko hainbat eskualdetako kolore eta erritmo bereziakaz be kutsatu dira herri horreetako doinuak, nahasketa berezia sortuz.
Irailaren 5ean, zapatuan, Orchestre National de Barbes taldearen eta Magrebeko raï musikan oinarritutako erritmoen txandea izango da. Etnia askotako taldea da eta genero oso desbardinetako soinuak bateratzen ditu: chaâbia, reggaea, gnaoua musika, jazza eta rocka.
Sarrerak salgai dagoz BBKko Multizerbitzu kutxazainetan, 944 310 310 (BBK) eta 94 491 40 80 (Kultur Etxea) telefonoetan, Algortako Kultur Etxean (Villamonte kalea, A-8) eta www.bbk.es helbidean.
Dobako musikea
Erromoko Santa Eugenia plazak dobako bi kontzertu hartuko ditu egunero. Arratsaldeko 19:00etan, 'O Carolan (Zaragoza), La banda del Pepo (Murtzia), Damba (Euskadi) eta Ruaille Buaille (Euskadi - Irlanda) izango dira. Gaueko 23:15ean, Trilla (Catalunya-Andorra), Mauvais Sort (Quebec) eta Dumbala Canalla (Bartzelona) taldeek joko dabe.
Aurten be ezin falta kaleko banden musikea; Holanda, Ipar Irlanda, Italia, Madril eta Galiziatik etorritako erritmoak entzun ahal izango dira irailaren 5ean, zapatuan, Bizkaia Zubitik abiatuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!