10.000 lagun Getxoko XXI. Blues Jaialdian
2009-06-15 15:41 MusikeaGetxoko XXI. Blues Jaialdiko saio nagusi eta jentetsuenean, oraintsu hildako Koko Taylorri omenaldian, 5.000 lagun inguru batu ziran.
Hamar mila bat lagunek gozau dabe aurtengo Getxoko Blues Jaialdiaz. Urtero legez, hainbat estilotako musikariak eta taldeak batu dira joandako astegoienean Erromoko Santa Eugenia plazan. Bertan, Lonnie Brooks, Henry Butler, Kenny Neal, E. C. Scott, The Koko Taylor's Band, Johnny Mars, Belceblues eta Mike Hammer & The Taxi Drivers artista eta taldeek jo dabe.
Lehenengo jardunaldian, Belceblues talde gipuzkoarra arduratu zan giroa berotzeaz. Talde bergararrak Steve Ray Vaughan edo Jeff Healey alako artisten eragina dauen bluesa jo eban eta 'Infer' bere lehenengo diskoaren kantak aurkeztu zituan Getxon. Ondoren, Lonnie Brooks gitarra joleari heldu jakon txandea. Brooks bluesaren eszenatokiko beteranoa da eta eszenatokien gainean berrogei urte baino gehiagoko ibilbidea bete dau. Voodoo Blues estiloaren adierazgarri da, estilo horretan Chicagoko, Mississippiko eta rhythm&blues bluesaren osogaiak alkartzen diralarik. Lehenengo bi saio horreetan 3.000 lagun batu ziran Santa Eugenia plazan.
Biharamunean, zapatuan, bagilak 13, Mike Hammer & The Taxi Driversen eskutik abiatuko zan bluesa. Laukote bizkaitarra 2004. urtean sortu zan eta zenbait estilo joteko gai da: soulean hasita, rockeraino, funkya ahaztu barik. Taldeak hainbat saiotan erakutsi dau bere kalidadea eta Gary Moore handiaren telonero be izan dira.
Horreen ostean, jaialdiko saio nagusia: Koko Taylorri omenaldia. Abeslari famatua orain dala bi aste hil zan eta zapaturako programauta egoan bere kontzertua Getxon. Omenaldian honako artistez osotutako hirukoteak jo eban: E. C. Scott abeslaria; Henry Butler eskarmentu handiko piano-jole eta abeslaria, bluesa, rhythm&bluesa eta jazza lantzen dituana, eta Kenny Neal gitarra-jolea. Era berean, horreekz The Koko Taylor's Band aritu zan, Koko Taylorregaz hainbat urtetan ibilitako taldea, hain zuzen. 5.000 lagun inguruk gozau eben saioaz.
Jaialdiko azken kontzertua Johnny Mars harmonika joleak eskaini eban. XXI. mendean, esperimentatuz eta erregistro barriak bilatuz, harmonikea sendotzen jarraitzen dauen musikari aparta da. Haren estiloa Blues harmonika jole gehienak erabilten daben ohikoa ez bezelakoa da. Marsen kontzertuan 2.000 persona batu ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!