Mutrikun izango da Spraikada'09, Euskal Herriko VI. Graffiti Lehiaketea

Bizkaie! 2009-05-26 14:17

Spraikada hitzordu klasiko bilakatu da dagoeneko euskal graffitigile eta zaletuen artean. Era berean, euskal graffitigintzearen harrobiaren erakusleiho parebakoa be bada Spraikada. Mutrikun izango da aurten buruz burukoa, garagarrilaren 18an.

Orain sei urte hasitako bideari jarraituz, aurten Mutrikun egingo dan Spraikada aurkeztu dau Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak. Lehiaketea seigarren edizinora heldu izana 'dauen harrera eta indarraren seinale' dela esan dau Topagunearen Gazte Saileko arduradunak, Sonia Perez Anguerak. Era berean, bihotzez eskertu dau Mutrikuko Udalaren partetik Spraikada aurrera eroateko jasotako laguntzinoa eta alkarlanerako gogoa.

Antolatzaileek azaldu dabenez, Spraikada hitzordu klasiko bilakatu da dagoeneko euskal graffitigile eta zaletuen artean. Era berean, euskal graffitigintzearen harrobiaren erakusleiho parebakoa be bada Spraikada.


Kaleko hormak, museo

Gaurko aurkezpenaren helburua lehiaketearen barri emotea zan: Mendaro, Getxo, Tolosa Gernika-Lumo eta Erandiotik pasau ondoren, Mutrikun izango da aurten buruz burukoa, garagarrilaren 18an. Mutrikuko Udalak 800. urteurrena ospatzen dau aurten, Kutxaren laguntzaz, eta Spraikadaren buruz burukoa ospakizunen artean sartu nahi izan dau. Era horretan, publiko gaztea be urteurrenaren ospakizunetan inpliketea nahi dau Udalak, eta Mutrikuko kaleetako hormak gaur egungo adierazpide artistiko honen museo bilakatzea; holan azaldu dau Mutrikuko Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak, Iratze Garagarzak.

Buruz burukoan, betiko moduan, hamar graffiti lehiatuko dira, horretarako berenberegi gordetako 7 x 2 metroko beste horrenbeste hormatan, 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariak eskuratzeko. Aukera parebakoa izango da Mutrikun egun pasa egin, graffitiak egiteko prozesua zerotik jarraitu eta graffiteetan ikasten hasteko be, tailerrak eta bestelako jarduera osogarriak be ez baitira faltako.

Lehiaketan parte hartzeko, egin nahi dan graffitiaren zirriborroa bialdu behar da lehenengo eta behin, eta hori egiteko epea bagilaren 30era arte dago zabalik. Jasotako lan guztien artean, hamar onenak aukeratuko dira, eta horrexek izango dira Mutrikuko hormetan islatuko diranak.

Izena emoteko baldintzei jagokenez, gitxi dira, eta beteten errazak: 16 urtetik gorako gaztea izatea, graffitiko testuak euskeraz egitea, zirriborroa epea amaitu aurretik bialtzea eta, finalista subertau ezkero, aukeratutako zirriborroko graffitia antolakuntzak emondako sprayakaz egitea. Hortik aurrera, estiloa, teknikea eta gaiak libreak dira.

- Informazino gehiago: www.spraikada.com

- Lehiaketearen oinarriak

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu