Zabalik honezkero 2009ko Aste Nagusiko kartel lehiaketan parte hartzeko epea

Bizkaie! 2009-04-20 14:26

Maiatzaren 29ra arte egongo da lanak aurkezteko aukerea eta 3800 euroko saria izango dau kartel irabazleak.

Bilboko Udaleko Jaietako Batzordeak lehiaketea antolatu dau 2009ko Aste Nagusia iragarriko dauen kartela aukeratzeko. Ondokoak dira baldintzak:

- Egile bakotzak lan bi aurkeztu leikez gehienez be.
- Neurria: kartela 70 zm. x 50 zm. neurrikoa izango da (ez-etzana). Luma-kartoi gainean eta kristalik barik aurkeztu behar da derrigor. CD bat, 110 x 79 pixeleko eta 72 PPP bereizmeneko argazki txikiagaz eta 700 x 500 pixeleko 72 PPP bereizmeneko argazki handiagaz.
- Kolorea eta teknikea: aukerakoa.
- Obrak originalak izango dira.
- Karteleko testua hau izango da: Bilbao 2009. Aste Nagusia. Abuztuak 15-23.
- Aurkezteko epea: azken eguna 2009ko maiatzaren 29a, 13:00etara arte.
- Aurkezteko lekua: Turismo eta Jaietako Saila (Zabalgune Plaza, 11, 1. pisua 48009 Bilbo). 9:00etatik 24:00etara.
- Informazino-telefonoa: 94 420 31 47
- Identifikazinoa: lanak lemagaz eta egilearen izenperik barik aurkeztu beharko dira. Lema bera daroan gutunazal zarratu batean egilea nor dan jakiteko datuak adierazoko dira, curriculum laburra, telefono zenbakia eta NAN zenbakia barne.


Saria

Lehiaketearen irabazleak 3.800 euro jasoko ditu. Saririk emon barik be itxi daiteke, aurkeztutako kartelek behar ainako kalidaderik ez badaukie. Kasu horretan, epaimahaiak uriko artista edo estudio entzutetsuren bati eskatu ahal izango deutso kartela egiteko.


Kartel irabazlearen aukeraketea

Epaimahaiak sei kartel aukeratuko ditu eta Zabalgune eraikinean eta udalaren webgunean jarriko ditu ikusgai; ondoren, herritarrek parte hartzeko aldia zabalduko da, gitxienez hamar egunekoa. Herritarrek banakako botoaren bidez parte hartuko dabe, horretarako erabilgarri jarriko diran bitartekoak erabiliz. Dana dala, herritarrek parte hartzeko aldia eta bozketaren prozedurea behar dan momentuan eta moduan iragarriko dira.


Epaimahaia

Jaietako Batzordeak izentauko dau eta 6 kide izango ditu. Horreetako hiruk arte eta publizidade alorrakaz zerikusia izango dabe, beste bat konpartsen ordezkaria izango da, beste bat Udalbatzaren ordezkaria eta azkena Jaietako batzordeburua izango da. Sei kartel aukeratuko ditue.

Epaimahaiak lehiaketatik kanpo itxi leikez lanak ondoko kasuetan: egilea nor dan zalantzan dagoanean; personen duintasunaren kontra doazenean; beste obra batzuen plagiotzat hartzen dituanak eta plagiotzat jo ez arren beste obra batzuetan inspirautakoak izanik eta eurekaz dituen bardintasunez epaimahaia jaubeturik, originaltasunik ez dabela erabagiten dauenean; herri-botazinoa hasi ondoren ixten bada lanen bat lehiaketatik kanpo, botazinoak jarraitu egingo dau ganerako finalistakaz.

Epaimahaiaren eskumenak bere horretan itxita, herri-botazinoa egiteko epearen barruan aurkezten diran kexa edo erreklamazinoak baino ez ditu kontuan hartuko. Era berean, epaimahaiaren erabagia apelaezina izango da. Halan da be, epaimahaiak erabagia barriro aztertu leike eta baliorik barik itxi aurreko puntuko gorabeheraren bat gertatzen danean.


Kartel irabazlea

Bilboko Udalak kartel irabazlearen jabetza ez eze, jentaurreko komunikazinorako, kopietako eta banatzeko eskubideak be eskuratuko ditu; eskubide horreek Udalarenak baino ez dira izango.

Kartelak teknika aldetik tonalidade-aldaketaren bat edo beste beharko baleu hobeto inprimiduteko, epaimahaiak aldaketok agindu ahal izango ditu, egileari aldez aurretik galdetuta eta beragaz lankidetzan. Ordenagailuz egin ezkero, irabazleak kartela euskarri informatikoan (CD) aurkeztu beharko dau inprimiduko dan neurrian (70 zm. x 50 zm.).

Lanak ikusgai jarri ahal izango dira Jai Batzordeak aukeratuko dauen lokalean. Espazio kontua dela-eta, epaimahaiak erabagiko dau zeintzuk erakutsiko diran, kartelen kalidade artistikoa kontuan hartuta. Sei kartel finalistak aukeratu eta 2009ko abuztuaren 28ra arte ikusgai jarteko eta eurei zabalkundea emoteko eskubidea izango dau udalak. Epe horretan eskubideak doban eta berari bakarrik laga jakozala ulertuko da obren erakusketea amaitu arte.

Turismo eta jaietako Sailean jaso ahal izango dira saririk irabazi ez daben lanak, 2009ko irailaren 7tik irailaren 30ra bitartean, 09:00etatik 14:00etara. Hortik aurrera, Udalak erabagiko dau zer egin aitatu epealdian jaso ez diranakaz. Udalak ez dau bere gain hartuko aurkeztutako materialek garraiatzean, manipulatzean, ikusgai jartean, biltegian gordetean edota antzekoetan izan leikiezan kalteen erantzukizunik.

Lehiaketan parte hartzeak baldintza guzti-guztiak onartu dirala esan nahi dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu