Bilboko Udalak dobako beste 12 Wi-Fi gune ezarri ditu urian

Bizkaie! 2009-04-07 11:26

Bilbo 2012 Agenda Digitalaren helburu nagusietako bat da bilbotarren artean teknologia barrien erabilerea sustatzea. Hori dala eta, Udalak dagoeneko 13 Wi-Fi gune ezarri ditu, eta horreetan bluetooth teknologia be izango da sakelako telefonoetara informazinoa bialtzeko.

Bilboko Udalak beste 12 Wi-Fi gune ezarri ditu urian, Interneterako sarbide librea, dobanekoa eta haririk bakoa daben gune barriak hain zuzen be. Era horretara, igaz Plaza Barrian hasitako esperientzia arrakastatsuari jarraitu deutso Bilboko Udalak.

Ekimena 'Bilbao39.net' planaren barruan dago, Bilbo 2010 Agenda Digitalaren barruan, Promobisa udal soziedadeak bultzatu dauena. Ezarpen barri horreekaz uriko barruti guztiek gitxienez Wi-Fi gune bat dabe dagoeneko.

Bilbo 2012 Agenda Digitalaren helburu nagusietako bat da bilbotarren artean teknologia barrien erabilerea sustatzea. Hori dala eta, Udalak dagoeneko 13 Wi-Fi gune ezarri ditu, eta horreetan bluetooth teknologia be izango da sakelako telefonoetara informazinoa bialtzeko.

Wi-Fi gune barriak auzo honeetan ezarri dira: San Inazio (Levante plaza), Deustu (Botika Zaharra plaza, Kiroldegiaren ondoan), Zurbaran (Iturrioondo plaza), San Frantzisko (Harrobi plaza), Abando (Albia lorategia), Txurdinaga (Europa parkea), Santutxu (Karmen plaza), Loruri (Celso Negueruela plaza), Indautxu (Indautxu), Recalde (Errekalde plaza), Zorrotza (Astillero kalea, Jon Urzelai plaza) eta Basurtu (Aita Donostia plaza).

Gune horreetan Interneterako sarbide librea eta dobakoa izateko erabiltzaileak ordenagailu bat edo gaur egungo Wi-Fi estandarrakaz bateragarriak diran haririk bako txartelak dituan tresna mobikorra izan beharko dau. Sarbideak ez dau behar gakorik. Erabiltzaileak bere tresna mobikorrean, PDAn edo sakelako telefonoan 'Bilbao' izeneko hari bako sarea topauko dau erabilgarri, eta hizkuntza anitzeko hasierako orri batera sartuko da. Orri horretan botoi bat dago zerbitzua aktibetako.

Internetetik nabigau aurretik agertzen dan lehen orria Bilboko Udalarena da: www.bilbao.net Sistemeak ez dau ixten eduki baztergarriak dituen orrialdeetara sartzen, ezta PSP deskargak egiten be (filmak eta bestelakoak). Danetara, 40 erabiltzaile sar daitekez aldi berean, gitxi gorabehera 200 metroko distantziatik.

Udalak zortzi barrutietako leku enblematikoak erabili ditu, Bilboko auzokoek eta bisitariek gehien erabilitakoak hain zuzen be.

Interneterako sarbide librea daben lekuak aukeratzeko auzoetan inplikautako zenbait alkarteren eretxia kontuan hartu da.

Gaur egun 13 gunek dabe Wi-Fi teknologia eta udan beste 13 izango dira; udagoienean, barriz, Bilbao 39.net ekimenaren barruan aurreikusitako azken 13 guneak ezartzea aurreikusita dago.

Pasa dan bagilean Plaza Barrian esperientzia hau hasi zanetik erabiltzaile kopurua nabarmen handitu dala azpimarratu dabe Bilboko Udaletik; lehen hilebetean 520 izan ziran eta zezeilean 1.205; danetara, 9.778 erabiltzaile izan dira eta 670.144 minutu emon ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu