Bilbok Blas de Otero gogoratuko dau idazlea jaio zaneko 93. urteurrenean

Bizkaie! 2009-03-16 09:58

Omenaldia, martiaren 16an, astelehenean egingo da udal liburutegian, aurten urteurrena domekan dalako. 'Pido la Paz y la Palabra' lanaren egilearen izena daroan Blas de Otero-Bilboko Uria Nazinoarteko Poesia Sariaren bigarren edizinoari gehitu behar jako ekimen hau.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Blas de Otero Fundazinoak Bilboko poetearen jaiotzako urteurrena ospatuko dau beste urte batez Bidebarrieta Kulturgunean egingo dan ekimenagaz. Hau, martiaren 16an, astelehenean egingo da udal liburutegian, aurten urteurrena domekan dalako. 'Pido la Paz y la Palabra' lanaren egilearen izena daroan Blas de Otero-Bilboko Uria Nazinoarteko Poesia Sariaren bigarren edizinoari gehitu behar jako ekimen hau. Era berean, gogoratu behar da, aurten, poetearen heriotearen 30 urte beteten dirala, 1979ko bagilaren 29an hil zan eta Majadahondan (Madril).

Bidebarrietako ekitaldi aretoan izango da 19:30etatik aurrera olerkariaren oroimenezko ekitaldia; Ibone Bengoetxea Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia eta poetaren izena daroan Fundazinoko presidentea eta alarguna dan Sabina de la Cruz bertan izango dira. Ondoren, Madrilgo Unibersidade Autonomoko Literaturako katedraduna dan Mario Hernándezek, Pablo Jauralde hizlaria eta Unibersidade bereko katedraduna eta literaturako ikertzailea aurkeztuko dau. Bere hitzaldiaren izenburua 'Soledad tengo de ti', Oteroren 'Estribillo tradicional' olerkitik hartutako bertsoa da. Musikeak eta poesiak Blas de Oteroren obran dauen lekua edo eta eraginaren gainean egingo dau berba da Juraldek, Tiziana Tagliani arpajolearen laguntzinoagaz.

Pablo Jauralde Pou, Madrilgo Unibersidade Autonomoko Espainiar Literaturako katedraduna da, urrezko dominea dauelarik. Bere argitalpen gehienak, literaturearen ikerketa arlokoak, urrezko mendea edo eta gaztelaniazko gaur eguneko poesia arlokoak dira. Voz y Letra eta Clásicos Castalia aldizkarietako zuzendaria da eta Espainiako Liburutegi Nazionaleko eskuizkribuen katalogazinoko proiektuan zuzendaria.


Poesiako Nazinoarteko Saria

Bilbotar olerkari handiaren omenezko ekitaldietan, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Blas de Otero-Bilboko Uria Nazinoarteko Poesia Sariaren bigarren edizinoko deialdia egin dau, igaz sortutako saria, sorkuntza literarioa sustatzeko asmoz eta bilbotar biztanlegoarengana euren uriko autore esanguratsuena gerturatzeko asmoz.

Edozein nazionalidadetako idazleek parte hartu ahal izango dabe lehiaketa honetan, eta diru-saria 6.600 eurokoa izango da bi modalidadeetan, euskeraz nahiz erderaz. Inoiz argitaratu ez diran jatorrizko lanak onartuko dira, 700 eta 1.000 lerro tarteko luzeerea dabenak. Lanak, 2009ko bagilaren 15a baino lehen bialdu behar dira Barrainkuako Kultur Etxera (Barrainkua, 5). Sariketan parte hartzeko betebeharrak –baita epaimahaiaren epaia be, plazaratzen danean– Bilboko Udalaren webgunean irakur daitekez.

Bere lehen edizinoan eta erderazko modalidadean, José Antonio Ramírez extremadurarraren eskuetara joan zan saria, eta euskerazkoa Fertxu Izquierdo nafartarraren eskuetara. Saritutako lanen kalidade handiagaz batera, epaimahaiak lahiaketako parte-hartze ona eta anitza azpimarratu eban, 150 lan aurkeztu ziran edizinoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu