K-Toño Fradek 'Bilbao' udal egunkarian argitaratutako artikuluak liburu batean batu ditu Bilboko Udalak

Bizkaie! 2009-03-10 16:49

'Susedidos botxeros y bilbainos selebres y txirenes' izenburupean, egileak bertako paisajearen jakintza bost kapitulutan batuta jasoten dau: 'Por las calles del Botxo', 'Txirenes de siempre', 'Personajes botxeros', 'Tiene Bilbao un gran tesoro' eta 'Tauromaca bilbaina'.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak 158 orrialdeko liburu batean batu ditu K-Toño Fradek 'Bilbao' udal egunkarian idatzi eta irudiz hornidutako artikuluak. Argitalpena gaur goizean aurkeztu dabe Iñaki Azkuna alkateak eta K-Toño Fradek berak.

Lana udal egunkarian 16 urtez agertutako 127 artikuluren bildumea da, bertan jardun ebalako etenik barik K-Toñok. Bere testu eta marrazkiak K-Toño Frade aitarenaren ondoren etorri ziran, hil arte Udaleko kronikari ez ofizial lanak eta eguneroko personaien eta jazoeren erretratugile lanak gauzatu zituana.

'Susedidos botxeros y bilbainos selebres y txirenes' izenburupean, egileak bertako paisajearen jakintza bost kapitulutan batuta jasoten dau: 'Por las calles del Botxo', 'Txirenes de siempre', 'Personajes botxeros', 'Tiene Bilbao un gran tesoro' eta 'Tauromaca bilbaina'. Kontuak kontu, liburuak bertako ohituren zenbait alderdiri gainbegiratua egiten deutse, uriko antxinako txakolin eta baserrietatik hasi eta kalimotxoaren jatorriraino, urian sortutako berbetatik kantarik ezagunenetaraino, Gabonak, Aste Nagusia edo San Tomas lako ohiturazko ospakizunak igaroz.

Liburuak personaia bitxien profila be aztertzen dau, tabernariak, idazleak, loteria saltzaileak, musikariak, abadeak, sendagileak eta lanbide ezezaguneko beste batzuk. Horreetako askok 'Cholopocholo', 'el Gordo de los Rosarios', 'Don Manuel El Baldao' edo 'Maria La Chonta Ciega' lako ezizen deigarriak ditue.

K-Toño Fradek Jesus Garay edo Telmo Zarra lako kondairez be hitz egiten dau, bai eta Felix Oraa lako presidenteez be, baina baita historian izandako egoitzez, ezkutuak daroan 'X'-ren enigmaz, 'Aliron' kantetan eban Karmelo loroaz edo beste garai batzuetan Athleticen golak iragarten zituen uso mezulariez.

Azken kapituluan, tauromakiari eskainitakoan, egileak Bilbon ospatzen ziran lehenengo zezenketak dakarz gogora, San Anton eleizearen ondoan, edota zezenketearen ikur izandakoak, besteak beste, Sacarias Lecumberri, Muruetakoa; Paquito Moran, Iralabarrikoa; Ale Saiz Ortiz, San Frantziskokoa; eta Rafael Moreno 'Pichichi' goleatzailea bera.

K-Toñok berak bere liburuaren hasieran idazten dau, bere liburuak hiru bilbotarzale ospetsuren iturrietatik edaten dauela, besteak beste, Emiliano de Arriaga, Julian de Alegria eta bere aita, 'El piar de un txinbo' atalean ospetsu egin zana. Fradek bere hitzaurrea amaitzen dau hau esanez: 'Bai ezagutzen naben personak, bai ezagutzen ez nabenak, ziur egon daitezala liburu hau bihotz zuri-gorri osoagaz eginda dagoala, gure bilbotar banderearen koloreakaz'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu