XV. CAF-Elhuyar dibulgazino-sarietan bizidunen zahartzeari buruzko artikulu batek jaso dau lehenengo saria

Bizkaie! 2009-03-10 10:52

XV. Sariketara 16 dibulgazino-artikulu aurkeztu dira eta lehenengo saria: 'Xixareak, dortoka erraldoiak eta hidra hilezkorra' izenburua dauen lanarentzat izan da. Egilea Xabier Artaetxebarria Artieda donostiarra izan da. Saria: 1.200 € eta Imanol Andonegiren eskulturea.

CAF-Elhuyar zientzia-dibulgazinoko XV. sariak banatu ditue oraintsu, Miren Gaztañaga eta Gabriel Ocina aktoreek girotuta hamabost urte honeek ospatzeko egindako ekitaldi berezian. Edizino honetako sariketara 16 dibulgazino-artikulu aurkeztu dira, eta ondokoak izan dira aurtengo sarituak:

1) Lehenengo saria: 'Xixareak, dortoka erraldoiak eta hidra hilezkorra' izenburua dauen lanarentzat izan da. Egilea Xabier Artaetxebarria Artieda donostiarra izan da. Saria: 1.200 € eta Imanol Andonegiren eskulturea. Zahartzeari buruzko azterketea egin dau egileak artikulu honetan. Oso erritmo desbardinetan zahartzen diran bizidunen adibideak jarri deuskuz lehenengo: efemeropteroen ordenako intsektuak ordu gitxi batzuk baino ez dira bizi, eta dortoka erraldoiak, barriz, berrehun urte bizitera hel daitekez; baina kasurik muturrekoena hidrarena da, ez baita zahartzen. Zahartze-prozesuetan holako aldeak egotearen arrazoiak bilatu ditu zeluletan, geneetan, eta baita hautespen naturalean be.

Epaimahaiaren eretxiz, 'artikulu bizia eta aberatsa izateaz gan, egoki dakarz bizitzeari buruzko hausnarketa darwinistak, eta merezimendu osoz irabazi dau lehen saria'.

2) Bigarren saria: 'Ardagaiak, basoak pizten dituzten txinpartak' lanarentzat izan da. Egileak Ostaizka Aizpurua Arrieta zarauztarra eta Antton Alberdi Estibaritz elgoibartarra dira. Saria: 800 € eta Imanol Andonegiren eskulturea. Ardagaiak dira artikulu honetako protagonistak; egileek argi itxi gura izan dabe leku garrantzitsu bat beteten dabela basoetako ekosistemetan. Protagonista horreen bidez, zuraren usteltzeari buruz berba egin deuskue, eta horrek basoetako biodibersidadean eta konplexutasunean dauen eragin positiboaz.

3) Hirugarren saria: Polimeroak, minbiziaren kontrako terapiako Troiako Zaldiak izenburupean aurkeztutako lanarentzat izan da. Egileak Leire Perez Alvarez bilbotarra eta Maite Artetxe Pujana zeanuritarra dira. Saria: 600 € eta Imanol Andonegiren eskulturea. Hidrogelak edo mikro/nanogelak aurkeztu dizkigu artikulu honek. Botikak garraiatzeko eta leku jakinetan askatzeko balio dabe gel horreek, eta, horregaitik, tresna baliagarriak izan daitekez minbiziaren tratamendurako.

4) Gazteentzako sari berezia: 'Haptika edo ukimenaren ustiapena' izeneko artikuluarentzat izan da. Egilea Xabier Zabala Larrañaga errenteriarra izan da. Saria: 400 € eta Imanol Andonegiren eskulturea. Artikulu honetan, ukimen bidezko komunikazino-sistemak jorratu ditu egileak. Haptikaren hastapenak, aplikazinoak eta etorkizunean izan leiken bilakaerea aztertu ditu.

Aurten be, lan irabazle guztiak apirileko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian argitaratuko dira.


Epaimahaia eta aurkeztatutako lanak

XV. CAF-Elhuyar sarietara aurkeztu diran dibulgazino-artikulu gehienak medikuntzearen arlokoak izan dira, nahiz eta epaimahaiak beste gai batzuetako artikuluak be irakurri ahal izan dituan, besteak beste, botanikea, paleontologia, informatikea, teknologia eta elektronikea. Epaimahaia zientziaren eta euskerearen arloan eskarmentu handia daben personek osotu dabe: Mikel Alvarez, medikua eta Gurutzetako Ospitaleko zuzendari nagusia; Joseba Etxebarria, injinerua eta Mondragon Unibersidadeko irakasle ohia; Koldo Nuñez, Geologian doktorea eta zientzia-dibulgatzailea; Txema Ramírez de la Piscina, Kazetaritzan doktorea eta Euskal Herriko Unibersidadeko irakaslea, eta Javier Duoandikoetxea, Matematikan doktorea eta Euskal Herriko Unibersidadeko irakaslea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu