Gipuzkoako Foru Aldundiak babesa kendu deutse Topaguneari eta Kultur Errotari
2009-02-17 14:24Topaguneak bere ezinegona eta ardurea agertu gura izan ditu publikoaren aurrean, Donostiako DOKA Kafe Antzokian egindako agerraldiaren bidez. Erabagia ez da krisi ekonomikoari lotutako ondorio legez ulertu Topagunearen aldetik, Gipuzkoako Aldundiak bultzatu gura dituan hizkuntza politika eta kultur ereduakaz baino.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan behera itxi dau Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoari eta Kultur Errota kultur zirkuituari eskaintzen eutsen sostengu ekonomikoa. Sostengu hori Kultura eta Euskera Departamentutik egiten eban Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Topaguneak bere ezinegona eta ardurea agertu gura izan ditu publikoaren aurrean, Donostiako DOKA Kafe Antzokian egindako agerraldiaren bidez. Erabagia ez da krisi ekonomikoari lotutako ondorio legez ulertu Topagunearen aldetik, Gipuzkoako Aldundiak bultzatu gura dituan hizkuntza politika eta kultur ereduakaz baino.
Agerraldian, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak, Andoni Tolosa 'Morau' sortzaile eta kantariak, Koldo Mitxelena Eibarko Eta kitto! euskera alkarteko kideak eta Maite Agirre Arrasate Euskaldaun Dezagun alkarteko kideak parte hartu dabe. Gipuzkoako hainbat euskera alkartetako kideak be egon dira. Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak adierazo dauenez, azken urteotan Gipuzkoako Foru Aldundiak 49.000 eurogaz babestu dau Kultur Errota formatu txikiko kultur emonaldien zirkuitua. Erabagiagaz, orain arte izandako lankidetza hori bertan behera itxi dau dau Mª Jesus Aranburuk zuzendautako departamentuak. Hasiera batean, erabagia krisialdiari lotuta aurkeztu eben departamentuko arduradaunek, baina egitasmoak singularidade faltea daukala adierazo dabe azkenik eta, horregaz batera, Foru Aldunditik herri txikiei zuzenean eskaini gura deutsien kultur zirkuitu propioa aurreikusita dagoala azaldau deutse Topagunearen ordezkariei. Kultura eta Euskera Departamentuakaz izandako alkarrizketatatik ondoko ondorioak atara ditu Topaguneak:
- Gipuzkoako Foru Aldundiak Topaguneagazeukan lankidetza hitzarmena bertan behera itxi izana ez da krisi ekonomikoaren ondorioa, baizik eta erabagi politiko kontzientea.
- Erabagi horren ondorioz, euskera elkarteen garapena eta euskerazko kultur dinamika parte hartzailea kaltetuko dira.
Hitzarmena bertan behera ixteagaz, Kultur Erroteaz gan, Federazinoak euskera alkarteakaz egiten dauen sustapen lana be kaltetuko dala dino Topaguneak. Koldo Mitxelenak Eibarko Eta kitto! elkartearen izenean eta Maite Agirrek Arrasate Euskaldaun Dezagun alkartearen izenean emon dabe bide bi horreen barri.
Sustapen lana
Topagunearen sustapen lana euskera alkarteen garapenerako beharrezkoa dala azpimarratu dabe euskera alkarteen ordezkariek. Federazinotik egiten diran prestakuntza, aholkularitza, bozeroaletza, zerbitzu eskaintzea eta etorkizunerako lan ildoen gogoeta lanak euskera alkarteentzat daben garrantzia gogoratu eta, era berean, Topagunearen funtzinoa kolokan jartzeak euskera alkarteen zeregina be kolokan jartea dakarrela azaldau dabe.
Kultur Errota
Hamaika edizinotan ehunka sortzailek mila eta zazpiehun emonalditik gora eskaini ditu Euskal Herri osoko milaka ikus-entzuleri Kultur Errotak. Euskera alkarteetako ordezkariek Kultur Errotak bultzatzen dauen kultur eredu parte hartzailea azpimarratu dabe, gizarte ekimenetik sortutako egitasmoa dala gogoratuz. Herritarrak kultur kontsumitzaile hutsak baino, kultur eragile bihurtzea da euskera alkarteen apustua eta Kultur Errota, apustu horretan, funtsezko tresna da. Era berean, kultur sortzaileentzat horrelako zirkuituak izateak dauen garrantziaren ganean egin dau berba Andoni Tolosa 'Morau' kantariak be. Gauzak holan dirala, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabagiaren aurrean ondoko erabagiak hartu ditu Topaguneak:
- Foru Aldundiak hartutako erabagia gizarteratzea eta erabagia salatzekokanpaina abiarazotea.
- Gipuzkoako Batzarretan ordezkaritza duben alderdi politikoakaz berba egin euren eretxia ezagutzeko.
- Kultur Errotako eskaintzeari eustea, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundien, Eusko Jaurlaritzearen eta BBK zein Kutxaren sostenguari esker, ekitaldi kopurua murriztu beharra egon arren.
- Topagunearen Gipuzkoako sustapen plana berregokitzea. Horregaz guztiagaz batera, Topagunearen webgunean (http://www.topagunea.org) egoeraren barri emon eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabagia salatzeko adierazpen bat jarri dau. Federazinoak, webgunearen bidez, elkarte, sortzaile eta norbanakoen babesa lortu gura dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!