Egun berean 'Biblia Natalis' aurkeztu eta Deustuko Liburutegitik Moneoren eraikinera eroan dabe

Bizkaie! 2008-12-15 17:12

Rafael Moneo arkitektoaren eraikinak bi ‘harri’ literario sinboliko ditu euskarri. Lehenengoa, 'Los jardines en la antigüedad', lanen hasieran jarri zan, 2005ean, eta azkena, 'Biblia Natalis’ gaur, abenduaren 15ean, joan dan abuztuan hasitako liburuen lekualdaketea amaitutzat emoteko.

Deustuko Unibersidadeak liburutegi barriko 'Ateak Zabalik Eguna' ospatu dau gaur, hilak 15. Ikasteko eta Ikertzeko Baliabideen Zentroa edegiteko ekitaldia Deustuko Argitalpen Sailak eta Mensajero argitaletxeak batera argitaratu daben ‘Biblia Natalis’en aurkezpenagaz hasi da. Gero, liburua unibersidadetik Rafael Moneok diseinautako eraikinera eroan dabe, azken ‘harri’ moduan, Aita Arruperen pasabidea gurutzatuta. Jaime Oraá Deustuko Unibersidadeko erretoreak egoitza barrian itxi dau ‘Biblia Natalis’, Deustuko fondo bibliografikoak liburutegi barrira eroateko lanei amaierea emon deutsen ekitaldi sinbolikoan.

Deustuko Unibersidadeko irakasleak eta langileak izan dira Ikasteko eta Ikertzeko Baliabideen Zentroa ezagutzen lehenengoak, Nieves Taranco liburutegiko zuzendariaren zuzendaritzapean egunean zehar antolatu diran ikustaldi gidatuei esker. Bihar, 16an, ikasleen txandea izango da, honeek be izango dituelako bisita gidatuak hemendik aurrera euren liburutegi barria izango dana lehenengo eskutik ezagutzeko. Izan be, Ikasteko eta Ikertzeko Baliabideen Zentro barria ia-ia amaituta dago, azken ukutuen faltan: -1 solairuan egongo diran alkarguneak, hau da, kafetegia eta erabilera anitzeko aretoa preparetea eta altzari osogarri batzuk jartea.

Rafael Moneok diseinautako eraikinak 10 solairu ditu danetara, bost lurpean eta ganerakoak agirian. Beheko pisuan sarrerea, erreferentzia gelea, liburutegi digitala eta mediatekea topauko doguz. Lehenengo, bigarren eta hirugarren pisuetan, danetan dagoz irakurgelak eta mintegiak, ikertzeko kabinak, talde-lanerako gelak, liburuzainentzako lantokiak eta erreprografia eta inprimaketa zerbitzua. Tarteko hiru pisuetan, ikertzeko kabinak, talde lanerako gelak, lantegiak eta zuzenean hartzeko liburuak kokatu dira. Lurpeko ganerako pisuetan liburuen biltegia dago, apalategi trinko mobikorraz horniduta, argitalpen guztiak modurik egokienean gordeteko.


'Biblia Natalis', Moneoren eraikinaren 'azken harria’

Rafael Moneo arkitektoaren eraikinak bi ‘harri’ literario sinboliko ditu euskarri. Lehenengoa, 'Los jardines en la antigüedad', lanen hasieran jarri zan, 2005ean, eta azkena, 'Biblia Natalis’ gaur, abenduaren 15ean, joan dan abuztuan hasitako liburuen lekualdaketea amaitutzat emoteko.

Bietan be unibersidadearentzat balio handikoak diran bertako argitalpenak aukeratu dira.

'Biblia Natalis' Jesusen bizitza kontetan dauen grabatu bilduma bat da, Aita Jeronimo Nadal SJren zuzendaritzapean egina, irakurleari, irudien bitartez, ebanjelioetako pasarteak eskaintzeko asmoz. Marrazkien egileak Flandeseko Jeronimo, Antonio eta Juan Wierx anaiak eta Carlos Mallerii eta Adrián Collaert dira, grabatuaren maisu handiak guztiak. Irudiak bata besteagaz kateatuta dagoz eta, holan, Itun Barriko testuaren garapena emoten deuskue plantxa bakar batean. XVI. mendean liburuaren zenbait kopia egin ziran eta oso material baliotsua izan zan gogo-jardunetako kontenplazinorako.

Deustuko Unibersidadeko Liburutegiak obra horren ale bat dauka, bere 120 urte baino gehiagoko bizitzan ugaritzen joan dan biblia fondo baliotsuan. Horregaitik, ez da harritzekoa liburutegi barriaren inaugurazinorako Ediciones Mensajero eta Deustu ados jartea Moneoren eraikin barriko jarduerearen hasierea gogoratuko dauen facsimile edizino bat egiteko.

Edizinoa gaur goizean aurkeztu dabe Roberto San Salvador del Valle Deustuko Unibersidadeko Komunikazinoko erretoreordeak, Ángel Pérez Gómez Ediciones Mensajeroko zuzendariak eta Javier Torres Deustuko Argitalpen zuzendariak. Edizino barri honek inpresino kalidade handiz erreproduzidu ditu jatorrizko irudiak orrialde bakoitietan eta barrikuntza bi dakarz: latineko testuak gaztelaniara emon dira eta grabatuak beste kolore baten erreproduzidu dira orrialde bikoitietan, bertako zehetasunak azalpenezko testuakaz lotzeko agiri diran letrak argiago ikus daitezen. Marrazkien indar deskribatzaileak Jesu Kristoren jaiotza, bizitza eta heriotzea gertatutako tokietara eroaten gaitu, baita Itun Barriko eta debozino bidezko tradizinoko beste pasarte batzuetara be.

Gainera, espiritualidade kristinaua sustatzeko asmo didaktikoz, Santiago Segura Deustuko Unibersidadeko irakasle emerituak gaztelaniara itzuli ditu jatorrizko latinezko testuak eta, holan, irakurketa atseginagoa izatea lortu dau. Isidoro Pinedo SJ irakaslearen sarrerak eta Javier Torres Ripa editorearen arretak osotu dabe edizino honen akabera bikaina.

Kristinau gogoetarako ezinbesteko obra, erraz eta atseginez irakurtekoa, edertasun handikoa, XXI. mendean balio barria hartzen dauena.


Jeronimo Nadal SJ (1507-1580)

Biblia Natalisen egileak, San Ignazioren lagun handiak, Jesusen bizitza marrazkien bidez irudikatzeko asmoa hartu eban. Eta bien arteko adiskidetasunari esker eroan ahal izan eban aurrera erronka ha. Haren lanak aparteko merezimendua dauka, hau da, orri bakar batean argumentu bereko sekuentzia batzuk kateatzea. Hain ziran ederrak irudiak, ezen lanak hasieran uste baino askoz zabalkunde handiagoa lortu eban eta oihartzun itzela izan eban garai haretako giro erlijiosoetan. Baina Nadal lana guztiz amaitu baino lehenago hil zan eta beste batzuek jarraitu eben hain garrantzitsutzat jo zan ekimena. Obrea beti ezagutu da Biblia Natalis izenaz, sortzailearen omenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu