Bilboko sei auzoren historia aztertuko da 'Auzoz auzo' berbaldi-zikloaren laugarren edizinoan

Bizkaie! 2008-11-10 13:17

Ekimen honegaz, Bizkaiko uriburua osotzen daben auzoen memoria historikoa berreskuratu gura da. Edizino honetan, Begoña, Abusu, Deustu, Errekalde, Zorrotza eta Arangoitiko auzoen garai desbardinak eta ezaugarriak izango dira ardatz.

Bilboko sei auzoren historia aztertuko da bihartik zemendiaren 27ra arte, 'Auzoz auzo' berbaldi-zikloaren laugarren edizinoak eskainiko dituan beste horrenbeste hitzaldietan. Ekimen honegaz, Bizkaiko uriburua osotzen daben auzoen memoria historikoa berreskuratu gura da. Edizino honetan, Begoña, Abusu, Deustu, Errekalde, Zorrotza eta Arangoitiko auzoen garai desbardinak eta ezaugarriak izango dira ardatz.

Lehenengo berbaldia bihar, hilak 11, izango da, Begoñako Udaltegiko ekitaldien aretoan, eta antxinako eleiz-atari honen 'zabalgunea' izango da aztergai, Santutxu eta Txurdinaga legez ezagutzen diran auzoei buruz. Eduardo J. Alonso Historia eta Geografia doktorearen eskutik izango da berbaldia, eta Alde Zaharra basilikaren inguruetara mugatzen zan garaia aztertuko dau. Era berean, Boluetan eregi ziran lehenengo lantegietako garaia eta XX. mendean zehar gaur arte izan dan urigunearen garapen izugarria aztertuko dau.

Ondorengo hitzorduak, zemendiko martitzenetan eta eguenetan izango dira, beti barruti bakotxari jagokon udaltegi edo kultur etxeetan. Modu honetan, Abusu auzoaren garrantzia historikoari errepasoa emongo jako, bideen ardatz moduan, enpresa askoren kokaleku moduan edo eta meatoki garrantzitsuen toki legez.

'Deustuarren izaeraren' eraikuntza historikoa izango da ondorengo berbaldiaren ardatza, 'Errekalde zaharrarena' bezela, euren urigintza eta eraikin bereizgarrien bidez. Zorrotzaren historiaren ikuspegi orokorraren txandea izango da gero -1300. urtetik jada bizitoki bihurturik-, gaur eguneko bere ondareei eta desagertu diranei buruz. Azkena, transizino garaian Arangoitiko auzotarren mobimentuari buruzko berbaldia izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu