Suganen bigarren diskoa pisu gehiagogaz dator

Bizkaie! 2008-11-06 14:54   Musikea

'Malko gorria' izeneko bigarren lana aurkeztu dau gaur Bilbon Sugan taldeak. Taldekideen esanetan, 'denporeak egonkortasuna emon deusku eta disko honetako kantak landuago dagoz'.

'Malko gorria' izeneko bigarren lana aurkeztu dau gaur Bilbon Sugan taldeak Elkar diskoetxearen eskutik. Taldekide danak izan dira bertan eta disko barriaren nondik-norakoen barri emon dabe. Garazi Zabaleta (pianoa), Maria Amolategi (ahotsa), Elixabet Bufanda (ahotsa), Jon Eskisabel (baxua) eta Victor Sanchez (bateria) musikariek osotzen dabe taldea.

'Denporeak egonkortasuna emon deusku eta disko honetako kantak landuago dagoz'. Lehenego lanagaz alderatuta, lan barrian gitarrak gehiago entzuten dira eta 'kantek pisu gehiago daukie'. Letrei jagokenean be, aldaketak izan dira: 'lehenengo lanean, ia kanta danak gai beraren ganekoak ziran. Oraingoan, danetarik egiten dogu berba'.

Pop kantak egiten ditue, rock ikutuakaz, 'kanta zuzenak eta freskoak', diskoetxeko Angel Valdesen esanetan. Lehenengo lanak arrakasta itzela izan ebala gogoratu dau Valdesek, argitaratu eta urtebete geroago be ondo saltzen zalako. Akaso, Euskal Telebistako Pilotari telesailean parte hartzeak mesede egingo eutson taldeari.

Zuzenekoak emoteko asmoa daukie baina Gabonetara arte ez dabe bat bera ere eskainiko. Ostean be, udaberrira arte, isilik egongo dira, taldekide bat, Maria abeslaria, atzerrian ikasten baitago: 'zezeilean etorriko naz bueltan eta orduan hasiko gara bete-betean kontzertuakaz'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu