Errumaniako janari-denda bat izan da BBK Gazte Lanbidean Fundazinoaren Enpresa Ideien Lehiaketako lehen sariduna
2008-10-30 11:11BBK Gazte Lanbidean Fundazinoak supermerkatu honi negozioa abiarazoteko beharrezkoa dan inbertsinoaren % 75eko finantzazinoa emongo deutso, fundazinoak ohiko dituan baldintza berezietan.
Otilia Supermerkatua errumaniar jatorriko produktuen dendea izan da BBK Gazte Lanbidean Fundazinoaren Enpresa Ideien Lehiaketako lehen sariduna, azken aukeraketara heldu ziran hiru ideien artean hau aukeratu dauelako epaimahaiak. Etorkizuneko ekintzaileen ideiak saritzeko asmoz antolatutako lehiaketea irabazita, 6.000 euroko saria lortu dau irabazleak.
Zornotzan (Bizkaia) kokatutako dan saltokia da Otilia Supermerkatua, eta bezeroei Europako ekialdeko herri horretako janaria egiteko beharrezkoak diran osogai guztiak eskainiko deutsez. BBK Gazte Lanbidean Fundazinoak supermerkatu honi negozioa abiarazoteko beharrezkoa dan inbertsinoaren % 75eko finantzazinoa emongo deutso, fundazinoak ohiko dituan baldintza berezietan.
Otilia eta Nicolau dira negozioaren arduradunak. Errumaniako Transilvania herrialdekoak dira biak eta negozioaren etorkizunaz baikor azaldu dira, 'Zornotzan errumaniar jatorriko gizon-emakume asko baikara, 2.000 lagun baino gehiago gagoz erroldan eta beste asko ez dira zerrendan agertzen'.
Otilia Supermerkatuak 'gure herriko txarrikiak eskainiko ditu gehienbat, han hartzen doguzan edari, gozoki eta opilakaz batera. Errumaniarrek ez eze, hemego kontsumitzaileek be gustora hartuko dituelakoan gagoz', adierazo dabe.
Egunotan, errumaniako bikote gaztea azken papel kontuak beteten eta baimen guztiak eskuratzen ari da '100 metro koadroko lokalean beharrezkoak diran aldaketa guztiak ahalik eta azkarren egin gura doguz-eta, bi asteren buruan zabaldu ahal izateko, gitxi gorabehera'.
2008an hamar urte bete ditu BBK Gazte Lanbidean Fundazinoak Bizkaiko gazteen artean autoenplegua eta kultura ekintzailea sustatzen. Urteko lehen hiru hileetan, aurreko urteetako finantzazino erritmoari eusteaz gan, 2007an emondako finantzaketa % 51 handitzea lortu dau, 6,2 miloe eurogaz, 141 enpresa ideia abian jarri baititu. Finantzaketa horrek lehen bederatzi hileetan 210 lanpostu sortu ditu.
Enpresa Ideien Lehiaketeak Bizkaiko gazteen artean enpresa-kultura sustatu nahi dau, proiektu barrien bitartez enplegua lortzeko itxaropen handiagoa izan daien. 2008ko irailaren 1etik 2009ko abuztuaren 31ra arte Fundazinoak finantzautako egitasmo guztiek esku hartu leikie lehiaketan, sustatzaileek eurek ezezkorik ez badeutse emoten. Lehiaketaren ezaugarri, baldintza eta oinarri guztiak www.bbk.es web-orrian eskuratu daitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!