Telecom I+D XVIII. Jardunaldietan etorkizuneko Internet eta konektibidade globala aztertuko ditue Bilbon
2008-10-28 13:14Telecom I+D Jardunaldien XVIII. edizinoaren goiburua 'Zeu zara abangoardia' da, eta teknologiak personak planetako edozein lekutik kontsumitzaile pasiboak izatetik albiste eta zerbitzuen produktoreak izatera pasetea ahalbidetu dauela adierazo gura dau.

Telecom I+D XVIII. Jardunaldiak bihar, urriak 29, hasiko dira, Guggenheim Bilbao Museoan, Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoak antolatuta. Ekitaldian, administrazino, enpresa, unibertsidade, talde teknologiko eta alkargo profesionalek parte hartuko dabe eta telekomunikazinoaren arloko ikerkuntza eta garapenaren alderdi aitzindariak jorratuko ditue.
Kontuak kontu, antolatzaileek iragarri dabenez, berbaldi eta tutoretza saioetan, pil-pilean dagozan gaiak aztertuko dira, besteak beste, etorkizuneko Internet eta Hedadura Laburreko Komunikazinoak (Near Field Communication).
Mahai-inguruetan, komunikazinoen konbergentzia, erabiltzaile ingurune adimentsuak eta banda zabala mobimentuan gaiei buruz egingo dabe berba adituek. Era berean, telekomunikazinoen etorkizuna eta erabiltzaileagazko hurrekotasuna, eta I+G+B globala garatzeko estrategien inguruko berbaldi magistralak be eskainiko dira.
Jardunaldien XVIII. edizinoaren goiburua 'Zeu zara abangoardia' da, eta teknologiak personak planetako edozein lekutik kontsumitzaile pasiboak izatetik albiste eta zerbitzuen produktoreak izatera pasetea ahalbidetu dauela adierazo gura dau. Ekitaldi hau Estaduko zazpi Injinerutza Eskolatara transmitiduko da, bertako ikasleek be jarraitu ahal izateko.
Zabaltze ekitaldian izango dira Iñaki Goirizelaia EHUko Bizkaiko campuseko erretoreordea, Enrique Amezua Telecom I+D 2008 Programearen Batzordeko presidentea, Victor Manuel Izquierdo Espainiako Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko zuzendariorde nagusia eta Jesus Banegas AETICeko presidentea, 'El futuro del sector de las Telecomunicaciones: ¿Un cambio hacia el usuario?' berbaldia eskainiko dauena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!