'Rafael Picavea (1867–1946). Euskal Historiaren pertsonaia ahaztua' liburua plazan

Bizkaie! 2008-10-09 12:04

Ander Delgado unibersidade-ikertzailearen azterlana da eta Sabino Arana Fundazinoak eta Oiartzungo Udalak argitaratutako lan honek sakon aztertzen ditu, gaur egun euskal herritarrik gehienentzat ezezaguna dan gipuzkoar industriari, kazetari eta politikari horren biografian.

Ander Delgado unibersidade-ikertzailearen azterlana da eta Sabino Arana Fundazinoak eta Oiartzungo Udalak argitaratutako lan honek sakon aztertzen ditu, gaur egun euskal herritarrik gehienentzat ezezaguna dan gipuzkoar industriari, kazetari eta politikari horren biografian.

Liburuaren aurkezpen bi izango dira gaur; bata goizean komunikabideentzat Donostiako Koldo Mitxelenan Kulturunean Ander Delgado lanaren egilea eta Oiartzungo Udaleko Kultura batzordeko Jabi Elizasu bertan dirala; bestetik, jentaurreko aurkezpena arratsaldean izango da Oiartzungo udaletxean.

XX. mendearen hasieratik eta Bigarren Mundu Gerra amaitu artean, Rafael Picavea Leguía (Oiartzun, 1867- Paris, 1946) persona publikoa izan zan, eta oso ezaguna, gainera, Euskadin. Halan da be, gaur egun ezezaguna da Euskal Herriko biztanlerik gehienentzako.

Liburu honen asmoa da, haren bizitzaren ikuspegi oso bat eskaintzea, ezaugarri eta bizipen ugari aztertu diralarik. Horretara, Picavea euskal historian merezidu dauen lekuan kokarazo nahi da. Helburu horregaz, ba, liburuan Picaveak bere jardueran garatu zituan lau esparruak aztertzen dira: enpresa-munduan egindako lana; euskal prentsa modernoaren arloan garatutakoa eta, bereziki, politikagintzan, hurranez hurran, Donostiako eta Gipuzkoako diputadu eta senatari zereginetan eta erbestaldiko Eusko Jaurlaritzearen Parisko ordezkari legez garatutakoa.

Ekonomiaren esparruan, haren inbertsinoek eta berak sortutako enpresek —batzuek behintzat— bizitza luzea izan dabe, Banco de Vizcaya-k edo Papelera Española-k besteak beste. Beste enpresa batzuk, barriz, oso ezagunak izan ziran bere garaian, baina jarduerak iraun eban bitartean, uraren edo argindarraren hornikuntza-alorrean garatu zituanak adibidez. Beste alde batetik, porrotak emon eutsen ospea beraren beste zenbait ekinbideri, Artikutzako kasuan bezela. Oro har, Euskal Herriko industriari aitagarrienen artean kokatu behar da Picavea, handienen artean egon ez bazan be.

Era berean, aitagarria izan zan Picaveak euskal kazetaritzearen munduan egindako lana. Prentsa modernoaren ezaugarriak zituan Donostiako El Pueblo Vasco sortzeaz gan, informazinoaren munduan beste ekintza barritzaile batzuen plazaratzea be sustatu eban, Novedades aldizkari ilustratua, besteak beste. Baina prentsa-jarduera negozio moduan planteeteaz gan, Picaveak berak be artikulu ugari idatzi zituan, Alcibar ezizenaren atzean ezkutauta. Artikulu batzuetan Donostiako edo Gipuzkoako interesak aztertzen zituan, beste batzuetan gai politikoak jorratzen zituan edo parlamentuan gertatzen zanaren kronikea idazten eban, irakurleen interesa pizten ebalarik.

Politikearen alorrean be ez zan gitxiagorako izan Picavearen garrantzia: Errestaurazino-garaian bi aldiz izan zan diputadua Donostiako barrutitik, 1901 eta 1903ko deialdietan, eta beste hirutan Gipuzkoa ordezkatu eban Senaduan, 1907, 1910 eta 1923an. Primo de Riveraren Diktaduran Asamblea Nacional-eko kidea be izan zan. Azkenik, Bigarren Errepublikako hiru legegintzaldietan Gipuzkoako barrutitik aukeratutako diputadua izan zan. Beraz, garbi dago politikan be ibilbide luzea egin ebala. Politikan parte hartzen ebanean independente bezela egin eban beti. Baina, nahiz eta azken buruan EAJn afiliau ez, bere bizitza guztian oso gertu agertu izan zan beti gogo-asmo abertzaleetatik (ez da ahaztu behar, beharrezko gestinoak egin zituala eta berak pagau be bai, 1903an Sabino Arana kartzelatik atarateko epaitegi-tramiteak eragindako gastuak).

Azkenik, instituzinoen alorrean egin eban lana azpimarratu behar da. Bere bizitzako azkeneko urteetan, Eusko Jaurlaritzea sortu zanean Gerra Zibilean, Picavea erakunde horren ordezkaria izan zan Parisen, lan handia eginez postu horretan: armak eta hornikuntzak eskuratzen, Euskal Herritik alde egiten ebenei laguntzen, edota propaganda-kanpaina zabala bideratzen potentzia demokratikoen laguntza lortzeko helburuagaz.

Beraz, garbi dago XIX. mendearen azkenalditik eta Bigarren Mundu Gerra amaitu arte persona nabarmena izan zala Euskal Herrian, Rafael Picavea: ospetsua baizen kritikatua; estimatua baizen gorrotatua. Baina hori holan izan arren, haren bizitza nahiko ezezaguna da gehienentzat, eta ez dau ezelako ikerketa historiko zabalik izan orain arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu