Bilboko Artelan Berreginen Museoak Mariaren Bihotza eleizearen ganeko liburua argitaratu dau

Bizkaie! 2008-10-01 12:01

Liburua Elias Mas Serra arkitektoak idatzi dau eta elizeak erakusketa-gunetzat eskaintzen dituan bereizgarriak eta San Frantzisko eta Bilbo Zaharra berregokitzeko daukan garrantzia nabarmentzen ditu.

Bilboko Artelan Berreginen Museoak 2006. urteaz geroztik egoitzatzat darabilen Mariaren Bihotza elizearen ganeko liburua argitaratu dau. Liburua Elias Mas Serra arkitektoak idatzi dau eta elizeak erakusketa-gunetzat eskaintzen dituan bereizgarriak eta San Frantzisko eta Bilbo Zaharra berregokitzeko daukan garrantzia nabarmentzen ditu. Aurkezpenean museoko zuzendari Asier Madarieta be izan zan.

'Mariaren Bihotza Eliza' izeneko liburua sei atal laburrez osotuta dago. Atal horreetan, Tenpluaren eraikuntza garaiko testuinguru historikoa eta kulturala aztertzen dira, museoko arduradunek azaldu dabenez.

Argitalpeneko testuak lau hizkuntzatan idatzita dagoz, euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Osogarri moduan, museoan ikusgai dagozan artelanik garrantzitsuenetarikoen kalidade handiko hargazkiak batu dira, tartean Michelangeloren 'Moises', 'Samotraziako Garaipena' edota 'Miloko Venus'.

Liburuaren amaieran, Elias Mas-ek zentroa berregokitu ondorengo historiaren errepasoa egin dau, 2006an Artelan Berreginen Museo bihurtu zanetik honainokoa.


Elias Mas

Elias Mas Serra (Bartzelona, 1945) Europako Politika Publikoetan diplomaduna da. 2005. urtera arte, Bilboko Udaleko Arkitektura Kabineteko zuzendaria izan zan. Arkitekturan egindako ibilbide luzeaz gan, Masek dibulgazino lan zabala be egin dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu