Dantzaldia jaialdiak Erresuma Batuko hainbat konpainia ezagun ekarriko ditu Bilbora

Bizkaie! 2008-09-29 15:32   Kulturea

Nazinoartekotasuna, bertokoa dana bultzatzea, gogoetarako eta ikerketarako gune izatea, komunikazinoa, lotura profesionala, erakundeen arteko kolaborazinorako zubia eta sortzaileen ikusgarritasuna dira, besteak beste, urritik abendura arte Bilboko Euskalduna Jauregian eta La Fundición Aretoan eskainiko diran jantza ikuskizunen helburu nagusiak.

Dantzaldia jaialdiaren bederatzigarren edizinoa aurkeztu dabe gaur Bilbon, Foru Jauregian, Josune Ariztondo Kultura diputaduak eta La Fundición aretoaren arduradun Laura Etxebarriak. Nazinoartekotasuna, bertokoa dana bultzatzea, gogoetarako eta ikerketarako gune izatea, komunikazinoa, lotura profesionala, erakundeen arteko kolaborazinorako zubia eta sortzaileen ikusgarritasuna dira, besteak beste, urritik abendura arte Bilboko Euskalduna Jauregian eta La Fundición Aretoan eskainiko diran jantza ikuskizunen helburu nagusiak.

Edizino barri honetan, Dantzaldiak perfil geografiko baten aurkezpena berreskuratuko dau: britainiar jantzea. Euren ikuskizuna eskainiko daben konpainia guztiak Erresuma Batuan finkatutako koreografoen zuzendaritzapean dagoz. 'Konpainiok oso ezagunak dira mundu mailan eta koreografoek sari ugari jaso ditue', azaldu dau Etxebarriak.

Rafael Bonachela aspalditik Londresen bizi dan koreografo katalana da. Urriaren 4an, profesionalentzako eta jantza ikasleentzako tailer bat eskaintzeaz gan, bere solo eta duo sarituenak aurkeztuko ditu urriaren 5ean: E2 7SD, Soledad eta Irony of Fate.

Diversion konpainia Stephen Petronio estadubatuarraren Strange Atracttors piezeagaz eta jaialdian ezaguna dan Itzik Galilli israeldarraren Peeled-egaz etorriko da urriaren 12an.

Hofesh Shchter-ek zemendiaren 23an Uprising eta In your Rooms izeneko jantza-ikuskizunak eskainiko ditu. Koreografo ezagunak, besteak beste, koprodukzinoan egindako enkargu barri ugari sortu ditu.

La Ribot sortzaile madrildarrari esker, Dantzaldiko ikuskizunik berezienaz gozetako aukerea izango da. Bost orduz, abenduaren 11n, ibilbide artistikoan ikuspegi barri bat erakutsiko dauen Laughing Hole ikuskizuna izango da. Horren ekitaldi luzean, ikusleak emonalditik urten egin ahal izango dau.

Galestar eta nigeriar jatorria dauen Henri Oguike-k, jantzeaz gan, musikea be ekarriko dau Bilbora abenduaren 13an. Little Red, Touching All, All Around eta Green in Blue obrakaz gozetako modua izango da. Azken piezan, zuzeneko musikea egongo da.

Ekitaldi guztiak 20:00etan hasiko dira Euskalduna Jauregian, La Ribot-ena ezik, arratsaldeko bostetan hasiko baita La Fundición Aretoan.

Aurreko edizinoan martxan jarritako sorkuntzarako kolaborazino bideari jarraituz, Logela Multimedia eta Circle of Trust konpainiek ikuskizun berezia preparau dabe, mekanismo barritzaileak erabilita. Estreinaldia baino lehenago, tailer bat eskainiko dabe euren sortze-prozesua aurkezteko (tailerra Guggenheim Museoko Auditoriumean izango da).

'Jaialdiak profesionalentzako eta jantza ikasleentzako alkarguneak zabalduko ditu', dino Etxebarriak. Horregaitik, 'sortzaile konbidauak, master class eta tailerrak eta solasaldi formal eta informalak antolatu dira ikusleak be sortze-prozesuetara eta sortzaileakana hurreratzeko'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu