Nerea Gomez bilbotarrak irabazi dau Bidaiariaren Txokoaren Postal Lehiaketea
2008-09-29 15:26Indiako errealidadearen aurrean harrituta eta mirestuta geratzen dan mendebaldeko begiradearen islak irabazi dau Begoñako Udaltegiak Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenez antolatzen dauen 'Bidaiariaren Txokoa' postal-lehiaketearen hirugarren edizinoa.
Indiako errealidadearen aurrean harrituta eta mirestuta geratzen dan mendebaldeko begiradearen islak irabazi dau Begoñako Udaltegiak Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenez antolatzen dauen 'Bidaiariaren Txokoa' postal-lehiaketearen hirugarren edizinoa. Udaltegi honetan egingo da sari-banaketea urriaren 8an, eta urriaren 1etik 17ra bitartean bertan ikusi ahal izango dira lehiaketara aurkeztutako postal guztiak.
Nori zer sari emon erabagiterakoan, epaimahaiak betekizun nagusitzat balorau ditu postalek bidaiarien abentura-espiritua islatzea; zehetasunez zaindutako konposizinoa izatea, senezkoa eta bidaiaren ideiagaz bat datorrena; aukeratutako irudiak bidaia islatzen dauen leku bitxiren bat erakustea, eta testuak bizipenak eta gogoetak eta bisitautako lekuari buruzko argibideak emotea.
Postal sarituak
Nerea Gomez bilbotarrak, postal irabazlearen egileak, bi personarentzako 3 eguneko (2 gau) egonaldiaz gozau ahal izango dau Kantabria edo Asturiaseko landa-hotel batean Eroski Bidaiak konpainiaren eskutik. Nereak garagarrilaren 26tik abuztuaren 16a arte bisitau eban Asiako herrialdea, eta handik Taj Mahal-en irudia eta makina bat gizon-emakumeren arpegiak erakusten dituan postal bat bialdu eban. Ifrentzuan, Mahatma Gandhiren irudia dauen zigilu baten ondoan, Nereak idatzitako testuan 'mila eta bat gauekoak izan daitekezan jauregi eta tenpluen' eta inguruko miseria gorrien arteko kontrasteak eragin eutson ezustekoa adierazoten dau, baina horregaz batera ziurtatzen dau ez dagoala bertako biztanleen eta euren jazkera eta ohituren pareko ikuskizunik.
Bigarren eta hirugarren sariak Argentinako Fitz Roy mendira eta Jamaikara egindako bidaia banatik bialdutako euskerazko bi postalek irabazi ditue. Beraz, Izarne Aizpuruak ‘Euskal Herria’ aldizkariaren urtebeteko harpidetzea eta hiru gida-liburu irabazi ditu, eta Kontxi Urkolak 90 euroko balioa dauen bidaia-material lote bat, Elkar Megadendan eskuratu ahal izango dauena. Gainera saria lortu daben postal guztien jaubeek diploma bana eta offsetean inprimiduteko Hofmann markako 18 orrialdeko album digital bana irabaziko ditue Ikatz Argazkilaritza eta Irudiaren eskutik.
Danetara, 40 postal inguru jaso dira lehiaketan, eta txartel horreetako batzuk Bilbotik eta Bizkaitik kanpo bizi diran argazkilariek bialdutakoak dira (lau Gipuzkoatik eta hiru Madriletik, zehatz esateko).
Sari banaketea Begoñako Udaltegian egingo da urriaren 8an, 19:30etan, programearen lehendabiziko hitzaldi-ikusentzunezkoaren aurretik. Hiru sari nagusiez gan, zazpi akzesit be banatuko dira, Begoñako 4. Barrutia osotzen daben auzoetako biztanleek aurkeztutako postalak saritzeko asmoz, Barruti honexetan antolatzen baita lehiaketea. Urriaren 1etik 17ra bitartean, bestalde, Udaltegian jarriko dira ikusgai lehiaketarako aurkeztu diran postal guztiak.
Bidaiariaren Txokoa
Bidaiariaren Txokoa Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Radio Euskadi eta Euskal Herria aldizkariagaz lankidetzan mamitutako ekimena da, urrian bosgarren edizinoa egingo dauena. Kultur programazino deszentralizatuaren barruan antolatzen da eta 4. Barrutian egin ohi da. Postal-lehiaketa hau, beste errealidade batzuetan sartu, lehen eskuko testigantza harrigarri eta zirraragarriak entzun eta leku eta bizimodu liluragarriei buruzko zehetasunak ezagutzea gustuko dabenei berbaldiak, ikusentzunezkoak, erakusketak eta kontzertuak eskainiz, ekimen handiago baten barruan gauzatu da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!