San Justoko karobia barriro ketan

z 2008-07-30 12:31
Abuztuaren 2an, zapatua, goizeko 11:00etan biztuko dau karobia Juan Aranak

Karobien ke zurixkea XX. mendearen erdirantz amatau zan. Dana dala, orain dala hamahiru urte Gorbeia mendiaren magalean dagoan San Justoko karobia berreskuratu eta karea antxinako erara egin eban Ipizki Taldeak. Aurten be, abuztuaren 2an eta 3an kareharria, egurra eta sua batuko dituan labea ketan ikusteko aukerea izango dabe bertara hurreratzen diranek.

Karobien ke zurixkea XX. mendearen erdirantz amatau zan. Dana dala, orain dala hamahiru urte Gorbeia mendiaren magalean dagoan San Justoko karobia berreskuratu eta karea antxinako erara egin eban Ipizki Taldeak. Ordutik, abuztuko lehenengo asteburuan karegintzearen gune bihurtu da Zeanuriko (Bizkaia) Otsemendi auzunea. Aurten be, abuztuaren 2an eta 3ean kareharria, egurra eta sua batuko dituan labea ketan ikusteko aukerea izango dabe bertara hurreratzen diranek.

Abuztuaren 2an eta 3an Zeanuriko (Bizkaia) Otsemendi auzuneko San Justo baseliza ingurura hurreratzen diranek honezkero desagertuta dagoan karegintzearen gorabeherak ezagutzeko aukerea izango dute Ipizki Taldearen eta Juan Aranaren eskutik.

Abuztuaren 2an, zapatua, goizeko 11:00etan biztuko da karobia, eta urteetan ahaztuta eta amatauta egon dan ke zurixkeak San Justoko haretxen artetik igongo dau Gorbeia mendiaren tontorra topau guran. Domeka eguerdirantz, kare bizia oka egiten hasiko da labe-ahoa.


1950ean azkenekoz

Orain dala hamahiru urte jarri eban martxan Ipizki taldeak 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan karobia. Horretarako, urte haretan eta leku berean azkenekoz karea egin eban Juan Aranagaz kontaktuan jarri ziran Ipizkikoak eta bere zuzendaritzapean konponketa lanei ekin eutsen bi hilabetetan, kare labea ketan jarri aurretik.

Otsemendi auzuneko Goikuria eta Arana familiak, Kandido eta Felix Goikuria anaiak alde batetik eta Juan eta Julian Arana bestetik, izan ziran 1950ean leku haretan azkenekoz lan egin ebenak. Juan eta Felix labea zaintzeaz eta karea egiteaz arduratzen ziran bitartean, Julian eta Kandidok, idipare batez, Atxebeiko beheko errekatik —San Justo goiko aldean— kareharria, eta Azkarralde eta Igertubarri basoetatik egurra ekarten eben. Soloetan ongarri moduan erabili ziran 2.000 kintal —100.000 kilo— kare produzidu zituen guztira.


Karobi frantsesa

San Justokoa karobia frantsesa deritxana da, hau da, kontraterrenoa aprobetxauta eregitakoa. Gitxika-gitxika estututen doan zulo bat da, 4 metroko sakontasuna dauena, eta 150 zentimetroko zabalerea goiko aldean eta 40koa behekoan.

Kare laba frantsesek era honetan egiten dute lan: erregai funtzinoa jokatzen dauen egurrez beteten dira eta sua emoten jake; gero, ganean, kareharri kapa bat jartzen da. Harria errez kare bihurtzen da eta karea egin ahala, egur eta kareharriz kargetan da karobia.

Lan horrek hainbat lagunen beharra eskatzen eban, horregatik hiruzpalau etxe alkartuz edo auzolanean egiten zan.


Karearen erabilerea

Baina, zertarako egiten zan karea? Funtzino desbardinak eukazan: eraikuntzan, lurrez eta urez nahastauta, etxeko hormak eta mueta guztietako hormak eregiteko morteroa lortzen zan; eta urez nahastauta, baserrietako hormak zuritzeko letxerea. Nekazaritzan, soloetako ongarri legez eta koko edo harren kontra erabilten zan. Abeltzaintzan, korten desinfekzinorako eta ganaduen apatxetako gaixotasunako osatzeko. Botika legez be erabilten omen zan tifusa eta nafarreriaren kontra burrukatzeko. Aitagarria da arrautzak kontserbetako erabilerea.

Ikus daitekenez, funtzino ugari beteten zituan kareak eta ondorioz, Euskal Herri tradizionaleko geografian nonahi azaltzen ziran karobiak. Baina, XX. mendean, abonu kimiko eta porlanaren produkzino industrialagaz lehiatu ezinik, bertan behera itxi ziran, mendearen erdirantz guztiz desagertu arte.

San Justoko karobiaren berreskurapenagaz, Gorbeialdeko ondare historiko-kulturalaren ikerketan eta babespenean garautxo bat jartea da Ipizki Taldearen helburua. Abuztuko lehen asteburuan, barriro ikusi ahal izango da kare labea ketan!

www.ipizki.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu