Pasilekua orain!
2008-07-04 14:58Jarduera sozial eta kulturalak egin gura dituen gazte belaunaldi oso bat azpiegitura publiko barik dago, espazio erreferentzialik barik.
Urte hasieran Astran egiten ziran jarduerak etetea erabagi zan. Dagoeneko urte erdi kalean, eta euri asko. Sei hilebete dira Astra berehala hutsitzeko eskatu euskuela. Konpondu arte Pasilekuko eskoletan lekua eukiko genduala esan euskun alkateak. Berbea emon eban, baina oraindino ez dau bere berbea bete. Promesa bat eta beste bat.
Orain, Pasealekuko lokalak hutsik geratu dira. Baina oraindino ez dabe zehaztu zein izango dan euren erabilerea. Badogu ba beharrizana lokalok erabilteko. Ezin dogu gehiago itxaron.
Antzerki-eskolakoak kalean ibili dira entseguak egiten; kalean, Kultur etxean ez dabelako leku nahikorik. Busti irrati libreak lokal bat alokatu behar izan dau. Ikastaro barriak bertan behera itxi behar izan dira leku falteagaitik. Iparragirre Rock Alkartean ez dira musika-talde gehiago sartzen. Lilibertsokoakaz beste horrenbeste gertatzen da. Eskaladarako bulderra desmontauta dago. Kontzertuak. berbaldiak. Erakusketak…
Pasealekuko lokalak behar doguz. Lokalak behar doguz. Gaztetxea behar dogu. Alkartzeko, autogestinorako, antzerkirako, konpartiduteko, dantzarako, irratirako, sormenerako... Astran egin ahal genduana egiteko. Lekua. Orain. Eta Pasilekuan benetan ezinezkoa bada, bestelako espazio bat beharko dogu baina atoan.
Jarduera sozial eta kulturalak egin gura dituen gazte belaunaldi oso bat azpiegitura publiko barik dago, espazio erreferentzialik barik. Bitartean azken asteotan hainbat aldiz agertu dira Astrari buruzko barriak komunikabideetan. Albiste horreetako batek be ez dau aitatu Udalak Astrako taldeentzat kokaleku barria topau dauenik. Ezin dogu gure jarduna, gure etorkizuna politikoen eskuetan usteltzen itxi.
Horrexegaitik hemen batutako gazteok, Antzerki Eskola, Lilibertso, Busti Irratia, Iparragirre musika-elkartea, Trinkete antitxokoa eta Ieup! Gazte Asanbladako lagunok Gernika-Lumoko Udaleko ordezkari politiko guztiei dei egiten deutsegu beharrezko neurriak eta erabagiak har daiezan lehenbailehen, egiten genduzan jarduera guztiak aurrerantzean be egin ahal izateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!