‘Bertan Bilbo’ Zuberogoitia anaien ekarria
2008-05-29 15:43‘Bertan Bilbo: Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko historia’ liburua aurkeztu dabe gaur. Aitor eta Pedro Zuberogoitia anaiek 300 orrialde luzetan, Bilbo euskaldunaren kronika dokumentatua, XX. mendean Bilbok eta euskereak izandako hartu-emonak jorratu ditue.
Bilboko XVIII. Liburu Azokeak (maiatzaren 29tik bagilaren 8ra) ateak zabaldu dituan egunean aurkeztu dabe ‘Bertan Bilbo: Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko historia’. Aitor eta Pedro Zuberogoitia anaiek 300 orrialde luzetan, Bilbo euskaldunaren kronika dokumentatua, XX. mendean Bilbok eta euskereak izandako hartu-emonak jorratu ditue. Euskera zein kultura kontuetan aitzindari izan zan Bilbori eta urian bizi, sortu eta suspertutako kontuei eskainitako liburua da.
Jakin aldizkarirako Aitor Zuberogoitiak Xabier Gereñori egindako alkarrizketea izan zan liburuaren sorburua eta pizgarria. Bilbon euskal kultureak eta hizkuntzeak azken hamarkadetan izandako zenbait gorabeheren barri emoten eban bilbotar idazle beteranoak eta arlo horretan zeozelako hutsunea egoala ikusirik, ‘Bertan Bilbo’-ren aukerea sortu zan, Bilboko Udaleko Euskara Sailaren babes osoagaz.
Liburuaren hazurdureari dagokionean, hamar hamarkadatan banatuta dago eta garraiobideen metaforea erabilten da loturatzat, ideia eta pentsamoldeen garraiobide.
Kutsu akademikorik bako liburua da egileen esanetan; ahalik eta jente gehien 'atrapetea' izan da asmoa eta, esangura horretan, dibulgazinoko liburua osotu gura izan dabe, ez apaletan hautsa hartzen ixtekoa, leku, persona eta pasadizoen bildumea da, estetikearen aldetik be erakargarria, makinatxu bat argazki eta irudi tarteko dirala. Adur Larrearen azala be gogoan hartzekoa da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!