Euskal-saharar arkeologo talde batek 300dik gora aztarnategi topau ditu Mendebaldeko Saharan

Bizkaie! 2008-04-22 15:59

Euskal arkeologoek egindako aurkikuntzen artean balore handiko 300dik gora aztarnategi dagoz, VI. eta V. milurteko hilobiak, batzuk 20 metrokoak, eta granitozko lurrean egindako grabatuak, non antilopeak, hipopotamoak, elefanteak eta jirafak irudikatzen diran.

Eusko Jaurlaritzeak eragin eta lagunduta, Andoni Saenz de Buruaga Euskal Herriko Unibersidadeko Historiaurreko irakasle buru dauelarik, Saharako eta Euskadiko arkeologo talde batek ikerketa eta lankidetza zientifiko-kulturalerako lau espedizino egin ditu 2004tik hona Mendebaldeko Saharako Tiris eskualdean.

Euskal arkeologoek egindako aurkikuntzen artean balore handiko 300dik gora aztarnategi dagoz, VI. eta V. milurteko hilobiak, batzuk 20 metrokoak, eta granitozko lurrean egindako grabatuak, non antilopeak, hipopotamoak, elefanteak eta jirafak irudikatzen diran.

Era horretako ondorioak aitatu ditue Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Andoni Saenz de Buruaga EHUko Historiaurreko irakasle eta Euskadi-Sahara Kultur Bilakaera Elkartearen zuzendariak eta Arantza Arzamendi Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak Mendebaldeko Saharan ikerketa arkeologiko eta lankidetzarako proiektuari buruz Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan.

Azkaratek nabarmendu dau bere Sailak hasiera-hasieratik bultzatu dauela Saharako Errepublikako lurralde librean dagozan aztarnategi arkeologikoen ahalik eta katalogazino zehatzena egitea helburu dauen ekimen hau, Marokok eregitako harresitik ekialdera dagoan lur-zerrendako katalogoa. Zehatz esanda, Tiris izeneko eskualdean egin dira lanak, barrualdeko ordeka zabal-zabala, Mendebaldeko Sahararen hego-ekialdeko herenean, ondoko Mauritaniako lurretan barruratzen dana.

Danetara, 11 lagunez (bost euskaldun eta sei saharar) osoturiko lantaldeak 117 egun emon ditu landa-lana egiten, eta 53 lekutan egindako azterketen ondorioz, aurrehistoriako 300dik gora aztarnategi topau ditue. ‘Eskualde honetan, III. milurtekoaren hasieran 15 aztarnategi baino ez ziran ezagutzen’, azaldu dau Saenz de Buruaga irakasleak. Bere ustez, Tirisen ondare arkeologikoaren aberastasuna lorpenik handienetakoa da ikerketa eta alkartasun proiektu honen barruan.

Saenz de Buruagak adierazo dauenez, froga nahikoak baditue eskualde honen azken 10.000 urteak zientifikoki ulertzeko, eta sabana azpitropikal modura birsortzeko. ‘Biziraupena bermatzeko ezinbestekoak diran errekurtso natural asko egozanez, bizitzaz josia egoan’, gaineratu dau.

Era berean, Azkaratek esan dau Saharako agintarien ikuspegitik, egitasmoa Kultura Ondarearen Zentro Nazionala leitekeenaren ernamuina dala honako hau, baita nazinoarteko alkarlanerako aukera eder bat be, nahiz eta sarri alboratutako alorra izan, bai behintzat herri honek dituan lehentasunezko preminak eta bizi dauen egoera gogorraren ondoan. Azkaratek adierazo dau proiektu honen helburua alkartasunetik saharauiar herriaren ondarearen garapenari laguntzea dala, baita garapen intelektual, didaktiko eta sozialari be.

Orain hilebete amaitu dan azken indusketen kanpaineari jagokonez, Saenz de Buruagak azpimarratu dau ‘luzeena, gogorrena eta, aldi berean, emonkorrena’ izan dala emoitzei begira. Izan be, 117 aztarnategi barri topau ditue: Neolito aroko hilobi eta errito multzoak; Neolito aroko herrixka eta bizilekuak; Neolitikoko arroka silizioen lantegiak; Paleolitiko ertaineko multzo industrialak eta Behe-Paleolitiko aroko multzo industrialak. Saenz de Buruagak aurreratu dau hurrengo espedizinoa aurten bertan egingo dabela, udazken aldera, hain zuzen.

Kontuak kontu, Kultura Sailaren konpromisoa eta laguntzaz baliatuta, urtea amaitu baino lehen Tirisko (Mendebaldeko Sahara) arkeologia-ondarearen lehen katalogo-inbentarioa kaleratuko dabe, saharar giztartearen eta nazinoarteko komunidade zientifikoaren artean banatua izan daiten.

Transmisino eta informazinoagaz batera, Kultura Sailetik egiten jakon ‘ekarpena’ saharar gizarteari -esan dau sailburuak- ‘lagungarria izan beharko litzateke talde honek tresna barriak lor ditzan inplikazino, integrazino eta aurrerabide mailan’.

Horren harira, Miren Azkaratek Tirisko Kultura Interpretazino Zentroaren balizko sorrerea aitatu dau, Agüenit-eko zonalde librean. RASD-eko goberunak bete-betean babesten dauen ekimen hau erreferentzia gune bilaka leiteke iraganeko aztarnak kontrolau, babestu, berreskuratu eta ikertzeko, eta, bide batez, kultur ondarearen eskolea martxan jartzeko. Hori egin ezkero, sahararrak teknikoki gehiago trebatuko geunkez dituen ondasun eta aberastasunak euren kabuz kudea daiezan.

Azkaratek amaitu dau esanez Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Saharako herriagaz dauen alkarlan hau ez dala ‘karidade keinu bat gure aldetik, alkarlana eta alkartasuna da’, ze ‘gu be asko ikasten ari gara Saharako herriagandik’.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu