Unai Basurkok eta Eunate Agirrek jaso dabe 2007ko Kirolari Onenaren Euskadi Saria

Bizkaie! 2008-04-21 11:12

Itsas-gizonak eta bodyboarderrak apirilaren 22an jasoko dabe saria Lehendakaritzearen Gasteizko egoitzan, 19:30ean. Euskadi Kirol Sarien helburu nagusia kirol arlo zabalean kalidadea eta eredugarritasuna bultzatzea da.

Unai Basurko itsas-gizona eta Eunate Agirre bodyboarderra izentau ditue 2007ko Kirolari Onenaren Euskadi Saria jasoteko. Sariak emoteko ekitaldia apirilaren 22an egingo da, Lehendakaritzearen Gasteizko egoitzan, 19:30ean.

XXVIII. Euskadi Kirol sariak Eusko Jaurlaritzearen Kirol Zuzendaritzeak izentautako epaimahaiak erabagi ditu.

Euskadi Kirol Sarien helburu nagusia kirol arlo zabalean kalidadea eta eredugarritasuna bultzatzea, euskal kirolarentzat ez ezik, gizarte osoarentzat be eredu diran jarduerak nabarmenarazoz eta kalidadeko erreferentzia bihurtzen lagunduz.

'Euskadin, kirola indar handia dauen errealidadea da, aberatsa eta anitza'. Hori dala eta, epaimahaiak adierazo dau ez dala bape erraza izan erabagia hartzea.

Epaimahaia honako honeek osotu dabe: Iñaki Sagastume (Gipuzkoako Kirol Prentsa Alkartea), Eduardo Castañeda (Bizkaiko Kirol Prentsa Alkartea), Alberto Aranburu (Arabako Kirol Prentsa Alkartea), Rafa Munilla (Euskal Kirol Federazinoen Batasuna), Maria Tato (abogadua, kirol gaietan aditua), Jose Ramon Garai (Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria) eta Elisabet Altube (epaimahaiaren idazkaria, hautatzeko eskubiderik bakoa).

Basurkoz eta Agirrez gain, ondokoak izan dira saridunak aurtengo edizinoan: Josetxo Elkoro (Kirolaren Sustapena, Prestakuntza eta Dedikazinoa); Aritz Aranburu eta Iker eta Eneko Pou anaiak (Kirolean Euskaltasuna Zabaltzea); Agustin Zulueta eta Iberdrola (Kirola Garatzeko Egindako Lan Zientifikoa edo Teknikoa); Bera Bera eskubaloi taldea (Kirol Erakundea); Akaba S.A. (Enpresa Babesleak Egindako Lana); eta Euskal Herriko Unibersidadea (Emakumeen eta Gizonen arteko Bardintasuna).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu