Los Moñas mungiarrak bitaminez ganezka jatorkuz

Bizkaie! 2008-04-15 15:41   Musikea

Rockaren eta poparen arteko erdibidean, doinu alaiak batzen ditu Los Moñas taldearen bigarren diskoak. 'Vitaminas' izenburupean aurkeztu dabe gaur Bilbon disko bikotxa, 2005ean 'Yamomopipipapo' lana argitaratu ostean.

Rockaren eta poparen arteko erdibidean, doinu alaiak batzen ditu Los Moñas taldearen bigarren diskoak. 'Vitaminas' (Baga-biga) izenburupean aurkeztu dabe gaur Bilbon disko bikotxa, 2005ean 'Yamomopipipapo' lana argitaratu ostean. Ibilbide horretan, taldekide bakotxa bere bidetik ibili da eta, oraingoan, formazinoa honako honeek osotzen dabe: Aitor Gamboa 'Txanpi' ahotsa eta gitarrea; Iban Hernandez 'Moñas' ahotsa eta bajua; eta Fran, bateria.

'Disko bikotx hau oso garrantzitsua da guretzat; hiru urtez ezer argitaratu barik egon ostean, indarrez beteta gatoz; hortik, diskoaren izenburua', azaldu dau Iban Hernandezek. Lehenengo diskoa taldekideek alkarregaz egin dabe eta, musikarien esanetan, rockeroagoa da. Bigarren diskoa taldekideek bitartean egindako proiektuetatik sortu zan eta 'pop ikutuak dira nagusi, ahotsa nabarmentzen da'. Tartean, bestelako ikutuak be igarten dira, 'bakotxari musika mueta bat gustetan jakulako; nahastea onuragarria dala uste dot', zehaztu dau Hernandezek. 'Kantak oso zuzenak dira', ganeratu dau Txanpik.

Amodioa, sexua edota neskak ditue berbagai batez be eta kanta danak gaztelaniaz izan arren, 'Txapopiteno' izenekoan euskerazko berbak entzun daitekez, 'euskeraz jakin ez arren, euskeraz kantetako aldarrikapena egiteko'.

Los Moñas taldearen 'Vitaminas' disko bikotxa aldi bitan grabau da. Lehenengo CDa 2007ko irailean grabau zan eta bigarrena urtebete lehenago. Biak grabau dira Mungiako Lamiña estudioan, Natxo Liberty teknikariaren gidaritzapean. Diskoa Kanadako Dave Horrocks estudioan masterizau dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu