Donostiako Orfeoiak eta La Fura dels Baus taldeak obra bat taularatuko dabe alkarlanean Bilbon

Bizkaie! 2008-04-11 10:41   Musikea

‘Veris Leta Facies’ (Udabarriaren arpegi alaia) ikuskizuna Carl Orff konposatzailearen ‘Carmina Burana’ lanean oinarrituta dago eta koru donostiarrak eta talde kataluniarrak alkarregaz taularatuko dabe apirilaren 16an Bilboko Elkarte Filarmonikoan.

La Fura dels Baus konpainiako eszena zuzendaria dan Carlus Padrissa Donostiako Orfeoiaren entseguan izango da gaur, apirilak 11, ‘Veris Leta Facies’ (Udabarriaren arpegi alaia) ikuskizuna gainbegiratzeko. Ikuskizun hori Carl Orff konposatzailearen ‘Carmina Burana’ lanean oinarrituta dago eta koru donostiarrak eta talde kataluniarrak alkarregaz taularatuko dabe apirilaren 16an Bilboko Elkarte Filarmonikoan. Ekitaldia pribatua izango da eta hainbat taldetako musikariz osotutako orkestra batek be joko dau.

Konpainia katalanaren produkzino honek zuzen errespetetan dau alemaniar konposatzailearen musikea, eta eszenaratzea hunkigarria da pantaila erraldoietan proiektetan diran irudiak be baditualako. Bertsio honetan bizitza eta zentzumenak omendu dira eta edade guztietako ikus-entzuleentzako ikuskizuna da: sentsazinoz, argiz eta kolorez beteta dago; ikus-entzunezko alderdiak obrearen zentzua nabarmendu egiten dau eta sekulako indarra emoten deutso, Donostiako Orfeoiko arduradunek azaldu dabenez.

Bilboko Elkarte Filarmonikoko esperientzia honen ondoren, ‘Veris Leta Facies’ datorren urtean antzeztuko da barriro oraindik zehaztu bako beste eszenatoki batzuetan.

La Fura dels Baus eta Donostiako Orfeoia 1999an hasi ziran lankidetzan, Berliozen ‘La damnation de Faust’ produkzinoaren bidez. Lan hori Salzburgeko Jaialdian (Austria) eta Bochumen (Alemanian) taularatu eben 2004an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu