Danetara, 46 antzezlan izango dira ikusgai 2008ko Leioako IX. Umore Azokan
2008-04-07 15:25 KultureaMaiatzaren 22tik 25era, Leioako Umore Azokearen IX. edizinoak nazinoarteko 12 konpainia, Estadu espainoleko 17 eta Euskal Herriko beste 17 talde batuko ditu, antolatzaileek jasotako 360 proiektuetatik aukeratuak.
Maiatzaren 22tik 25era arte Leioako plazak eta kaleak Antzerkiaren adierazpen guztiakaz beteko dira: txotxongiloak, zirkua, kalejirak, umorea, musika eta malabareak.
Leioako Umore Azokearen IX. edizinoak nazinoarteko 12 konpainia, Estadu espainoleko 17 eta Euskal Herriko beste 17 talde batuko ditu, antolatzaileek jasotako 360 proiektuetatik aukeratuak. Oso esanguratsua da aurtengo egitarauaren % 80 estreinaldiak dirala, profesional zein ikuslego orokorrari aparteko jaialdi bategaz gozetako aukerea eskainiz.
2008ko Umore Azokara hurreratzen diranek, estreinaldi ugari ikusi ahal izango dabe eta honezkero Leioako ferian proposamen finkoak eta ospetsuak diran Ilusioaren Gunea eta Zeruko Arteak bueltauko dira. Aurkeztuko diran proiektuen artean Euskal Herriko 6 estreinaldi izango dira: Organik, Zero
Teatro Gaitzerdi, Trapu Zaharra, Hortzmuga eta Malas Compañías taldeek gerturatutakoak, hain zuzen be. Estadu espainoletik zazpi estreinaldi helduko jakuz: Gaztela eta Leonetik Teatro de La Saca, Hojarasca Danza eta Mago Miguelillo; Madriletik Fernando Cayo Producciones; Andaluziatik Producciones Imperdibles eta Mumusic Circus eta El Negro y El Flaco katalanak. Nazinoarteko estreinaldien artean, Danimarkatik helduko da Cikaros konpainia. Horreekaz batera, zirku diziplina desbardinak jorratzen dituen zenbait konpainia izango dira Zeruko Arteak gunean eta Ilusioaren Gunean.
Umore Azokak eskaintzen dauen ikuskizunez gan, hamaika ekintza antolatuko ditu, beste batzuen artean, Kaleko Arteen inguruko Jardunaldiak edota Umore Azoka sarien banaketea.
Ames, ilusino eta pasinoz beteriko hitzordua
Umore Azokea, Leioako Udalak eta Kultur Leioa antolatzen dabe, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Kultura Ministerioaren laguntzinoagaz. Leioak, lau egunez, publikoak, konpainiak, banatzaileak, programatzaileak eta prentsa antzerki hutsagaz batera biziteko aukera parebakoa eskaintzen dau. Harremanak sortzeko, ideiak alkartrukatzeko, lanak erakusteko eta emonaldiak kontratetako aukerea, antzerkia eguneko hogeita lau orduetan bizi ahal izateko foroa.
Kaleko antzerkia ardatz dala, Umore Azokeak urterik urtera Euskadiko, Estaduko eta atzerriko konpainia garrantzitsuak ekarri ohi ditu gurera, obra ugari estreinatuz eta, aldi berean, artista barriei euren lanak erakusteko aukerea emonez. Umore Azokeak fresko irauten dua, beteranotasunaren eta gaztetasunaren nahasteari esker.
Leioako Umore Azokea, COFAE - Estadu Espainoleko Arte Eszenikoen Ferien Koordinakundearen parte da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!