Mentxu Gal margolaria hil da

Bizkaie! 2008-03-13 10:21

Eguazten honetan, 90 urte zituala, Irunen hil da Espainiako Margolaritza Saria irabazi eban lehenengo emakumea. Gerraosteko margolaritzea barriztau eban eta artista aitzindaria izan zan margolari gehienak gizonak ziran garaian.

Eguazten honetan, 90 urte zituala, Irunen hil da Mentxu Gal Orendain, Espainiako Margolaritza Saria irabazi eban lehenengo emakumea. Gerraosteko margolaritzea barriztau eban eta artista aitzindaria izan zan margolari gehienak gizonak ziran garaian.

Irunen, jaioterrian, margolariari eskainitako museoa eragiteko egitasmoa lantzen dabil Udala eta igazko abuztuan artistearen 37 obra erosi zituan, 766.000 euroan. Obra horreen artean, Galen ezagunenetako batzuk dagoz: Atharratzeko paisaia (1938), Carmen Laforeten erretratua (1984) eta Gaueko paisaia Bidasoan (1990).

Mentxu Gal lau urte zituanean hasi zan margozten. Hamalau urtegaz, Gipuzkoako Artista Barrien Lehiaketea irabazi eban. Gero, Parisera joan zan eta, ondoren, Madrilera, estilo barriak ezagutzeko. Erretratuak eta Bidasoako eta Gaztela Mantxako inguruak margoztu zituan batez be.

Euskal Herrian eta kanpoko leku askotan egin zituan bakarkako erakusketak: Madrilen, Bruselan, New Yorken, Lisboan... Veneziako Biurtekoan 1940, 1950 eta 1956 urteetan parte hartu eban.

2005ean, Gipuzkoako Urrezko Dominea eta handik urtebetera, Irunekoa eta Manuel Lekuona Saria (Eusko Ikaskuntzak sortutakoa euskal kulturako artistarik garrantzitsuenak saritzeko) jaso zituan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu