Microsoftek ez ete dauka mugarik?

Goton Plaza Informatikoa 2008-02-19 18:04

Handikeria, harrokeria eta handinahia mugarik bakoak dira eta asko daukanak gehiago nahi izaten dauela gauza jakina da. Internet munduan be bardin pasetan da. Microsoftek Yahoo! erosteko egindako 30.000 miloe euroko eskaintzeak zaparrada handia eragin dau.

Handikeria, harrokeria eta handinahia mugarik bakoak dira eta asko daukanak gehiago nahi izaten dauela gauza jakina da. Internet munduan be bardin pasetan da. Zezeilaren hasieran sortu zan honen barria eta ordutik hona egunero egunero dago gaiaren gaineko zeozer Sarean. Hasierako titularra honakoa zan, Microsoft enpresak ia 30.000 miloe euroko eskaintzea egin ebala Yahoo! ataria erosteko. Bai, bai, zenbakia ondo idatzita dago, akaso bateren batek pentsauko dau munduan ez dagoela horrenbeste diru baina datua horixe da, ez gehiago, ez gitxiago.

Honako barri hau zabaldu zanean, aldi berean kolore guztietako eretxiak be zabaldu ziran; Google-ekoak, nahikoa urduri azaldu ziran, holako negozioak aurrera egin ezkero, euren lidergoa kolokan jarriko litzatekelako.

Nik neuk orain dala urte batzuk jazotakoa gogoratzen dot eta konparazinoak be egin daitekez: sasoi haretan, laurogeigarren hamarkadearen bueltan edo, Internet-en nabegetako sistemen arteko burruka bizia genduan. Han ibili ziran Netscape eta Internet Explorer, bata besteari erasoka baina azkenean danok dakigun legez, Explorer ospetsuak irabazi eban. Gaur eguneko mundu osoko ekipo gehienetan hauxe dago instalauta (batzuk beste nabegatzaileren bat dabe, berbarako, Mozilla Firefox ezaguna). Orain Microsoft eta Yahoo!-ren arteko bategitea gertatuko balitz, aurrean Google izango leukie eta alde bien arten txinpartak baino gehiago sortuko litzatekez.

Beharbada holako etorkizunari aurrea hartzeko, Google-ekoek arin be arin atara eben barri honen gaineko euren eretxia: ‘honako jarrerak arriskutsuak dira, Microsoft-ek ordenagailu personaletan dauen abantailea aprobetxauta Internet-en lortuko leuken eragina ez litzateke egokia izango’. Gero Microsoft-ek iustiziagaz izan dituan gorabeherak gogoratu zituan (monopolio jarrerak eta horren ondorioz izandako zigorrak) eta holako egoera eta jarrerak ez dirala Internet-era zabaldu behar esaten dabe. Erantzuna atoan etorri da beste aldetik: hemen monopolioa dauen bakarra Google da, munduko bilaketen % 75 euren esku dagoalako (% 65 AEBetan eta % 85 Europan).

Eta erraldoi biak holako gorespenak ea laudorioak alkarri botaten dagozan bitartean, zer egiten dau Yahoo! hirugarren aktoreak? Hasieran, denpora gehiago eskatu eban Microsoft-en aldetik etorren erosteko eskaintzea ondo pentsetako (31 dolar Yahoo!-ren akzino bakotxagaitik edo sortzear dagoan enpresa barriko 0,9509 akzino). Teorian ez da prezio txarra, 31 dolar horreek merkatuan egoan prezioagaz konparauta % 60ko bonofikazinoa ekarren. Gero zurrumurrak zabaldu ziran: beharbada, Yahoo! Google-gaz akordio zarratzekotan ebilela Microsofti aurre egiteko. Baina adituen ustez horrek ez dauka zentzurik, ze holako akordio bat monopolioak arautzen dituen legeen kontra egongo litzatekelako (Internet-eko atari nagusienak bat egitea ezinezkoa izango litzateke, monopolio osotzeko modua izna leikielako). Aditu honeen ustez, amarru bat baino ez da holako zurrumurrua, benetako helburua Microsoft urduri jartea eta euren eskaintzea gehigo igoarazotea dalako.

Geroxeago, Yahoo!-k uko egin eutson eskaintzeari, euren enpresak askos gehiago balio dauala esanaz. Berehala, barriz, burtsan euren kotizazinoak gora egin dau, ia Microsoft-en 31 dolarretara helduz.

Microsoftek halan da be ekinean jarraitzen dau: euren eskaintzea ona dala alde bientzat eta momentuz ez dabela diru gehiago jarriko mahai gainean (burtsako emoitzak kontuan hartuta, akaso igon egin beharko leukie hasierako kantidadea beste 3.500 — 8.000 miloe eurotan).

Oraindino ez dogu dana ikusi eta entzun, datozen asteetan zain egongo gara Interneteko empresa erraldoien arteko tirabirak zelan amaitzen diran ikusteko.

Bien bitartean, Bill Gates handiak adierazo dau Microsoftek Interneten inbertiduten jarraituko dauela Yahoo!-gaz ala Yahoo! barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu