IKTen ezarpenak ikasgeletan oraindino ez ditu irakasteko erak aldatu
2008-02-13 17:59EAEko bigarren hezkuntzan, 1999-2004 artean, Informazino eta Komunikazinoaren Teknologien (IKT) ezarpen-prozesua zelan jazo zan aztertu dau Sergio Monge Benito ikertzaileak, Euskal Herriko Unibersidadean (UPV/EHU) aurkeztutako tesi batean.
EAEko bigarren hezkuntzan, 1999-2004 artean, Informazino eta Komunikazinoaren Teknologien (IKT) ezarpen-prozesua zelan jazo zan aztertu dau Sergio Monge Benito ikertzaileak, Euskal Herriko Unibersidadean (UPV/EHU) aurkeztutako tesi batean. Tesiaren arabera, eskola ‘ia-ia aldatu be ez da egin’ azken mendean, nahiz eta telebista, irratia eta informazinoaren eta komunikazinoaren ganerako teknologiak (IKT) informazinoa transmitiduteko, sortzeko eta berregiteko baliabide nagusi bilakatu diran egungo gizartean.
Mongeren tesiak dino eskolearen irakaskuntza-eredua ez dala apenas aldatu, eta oinarrizko teknologia erabilten jarraitzen dau, hau da, inprimidutako berbea. Gizartean jazoten ari diran aldaketa guztien aurrean, eskolak ezin dauela geldi egon adierazo dau egileak, zaharkituta geratzeko arriskua dagoalako. Beraz, 'ezin da espero teknologia barriak ezartze hutsagaz eskola bere kabuz aldatuko danik. Ezinbestekoa da teknologia horreen guztien jarraipena egitea eta eskola teknologia barrietara egokitzea’.
Gai horri buruzko doktore-tesia egin dau Sergio Monge Benito ikertzaile bizkaitarrak Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadean. Lan horretan aztertzen dau zelan ezarri diran IKTak Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren hezkuntzan 1999-2004 bitartean.
Doktore-tesiaren izenburua da ‘La escuela vasca ante el cambio tecnológico (1999-2004). Tecnologías de la información y la comunicación en la enseñanza’ .
Doktore-tesi horren zuzendaria EHUko Ikus-entzunezko Komunikazinoa eta Publizidadea saileko irakaslea dan Joxerra Garzia izan da. Lan horrek bikain cum laude kalifikazinoa lortu dau, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko zenbait kideren nahiz EAEko bigarren hezkuntzako zenbait zentroren laguntzinoa izan dau.
Sergio Monge Benito Publizidadea eta Harreman Publikoetan lizentziatua da Euskal Herriko Unibersidadean. Gaur egun, marketin-aholkulari moduan lan egiten dau Interneten.
Ikerketa-lan honen helburua izan da irakaskuntzan teknologia horreek ezartzeko oinarriak identifiketea, egungo egoerearen barri emotea, teknologia horreek ezartzeko prozesuaren oztopo nagusiak topetea eta hori guztia hobetzeko ekintzak proponidutea.
Praktikearen ikuspuntutik lan egin da, hau da, aldaketa teknologikoaren alorrean lanean dabilzan ikastetxeetako irakasleek nahiz aholkulariek euren eguneroko jardunean topetan dituen arazoak eta egoerak gainditzen saiatu da. Horretarako, prozesuan parte-hartzaile diran hainbat adituri alkarrizketak egin deutsez, arazoak eta konponbideak aztertzeko. Jarraian, informazino hori guztia egiaztatu dau. Era Horrezaz gan, ikastetxeetako ekintzen jarraipena egin dau; baita azterketa bibliografikoa be.
Publizista bizkaitarrak argi ikusi dau EAEko bigarren hezkuntzan 1999-2004 urteetan egin dan IKTen ezarpena ez dala behar bezelakoa izan. Horretarako oztopo nagusiak, besteak beste, ondokoak izna dira: IKTak ezartzeaz arduratzen diranek ez dabe era koordinatuan lan egin fenomeno barri horren aurrean; IKTak ez dira hezkuntzako arazoak konpontzeko txertatu, Europan bizitakoa bultzada ideologikoaren ondorioz baino; IKTen azpiegiturak karuak izan dira eta zaharkituta geratu dira berehala, eta egungo bigarren hezkuntzea ez da IKTakaz lan egiteko egokiena.
IKTak ikasgeletan txertatu diran arren, irakasteko eta ikasteko erak asko aldatu behar dira oraindino be. Ohiko irakaskuntzea irakaskuntza interaktiboago batez ordezkatzeko, garrantzitsua da irakaslearen ezagutza ikasleari transmitiduteaz arduratzen dan ‘irakasle transmititzailearen’ eredua aldatzea. Hau da, irakasleak ikaslearen ezagutza areagotzeko ahalegina egin behar dau, informazino-iturriak erakutsi behar deutsoz, haren ezagutza hobetzeko mekanismoak eta ariketak zeintzuk diran azaldu behar deutsoz eta abar. ‘Ikasleak kritiko izateko gaitasuna garatu behar dau, informazinoa sailkatzen eta antolatzen jakin behar dau’ Mongek adierazo dauenez.
IKTen ezarpen-prozesuan arazoak sortzen dituen elementuen barri eta horreek gainditzeko urtenbideen barri emoten dauen ikerketa-lana da tesia. Lan honen helburua ez da fenomeno barri horren inguruan sor daitekezan ardurentzako eta galderentzako erantzunak topetea, lehenengo behaketa bat egitea baino, hau da, ‘irakaskuntzan teknologia barriak ezartzearen alde lan egiten dabilzan adituentzako hobekuntza-tresna izatea’, azaldu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!