Ike Turner blues eta rock izarra hil da

Bizkaie! 2007-12-13 13:30   Musikea

Tina Turner abeslariaren senar ohia eta blues eta rock musikearen aitzindaritzat hartzen dan artistea martitzenean hil zan Kalifornian, 76 urte zituala Thrill Entertainment Group konpainiak jakinarazo dauenez.

Tina Turner abeslariaren senar ohia eta blues eta rock musikearen aitzindaritzat hartzen dan artistea martitzenean hil zan Kalifornian, 76 urte zituala Thrill Entertainment Group konpainiak jakinarazo dauenez.

tmz.com jente famatuaren bizitzan espezializautako aldizkariaren edizino digitalaren arabera, musikari estadubatuarrak Kalifornian dauen etxean topau eben hilda; antza danez, lo egoela hil zan.

1931ko zemendiaren 5ean Mississippin (AEBak) jaioa, Ike Turnerrek 11 urtegaz ekin eutson bere ibilbide artistikoari, Sonny Boy Williamson eta Robert Knighthawk musikariei pianoaz laguntzen. Berrogeita hamarreko hamarkadan, besteak beste, Elmore James, Howlin' Wolf eta Otis Rush blues musikari mitikoakaz lan egin eban.

Tina Turner Ikegaz ezkondu zan 50. hamarkadako azken urteetan eta Ike and Tina bikotea osotu eben. Beste batzuen artean ‘A fool in love’, ‘River deep, mountain high’, ‘Blues roots’ edota ‘Nutbush City Limits’ kanta arrakastatsuak kaleratu ostean, 1976an banandu egin ziran, orduko barrien arabera, Ikeren izakera eta Tinari emondako tratu txarrengaitik. Alkarregaz, Europa, Japonia eta Afrikan bira erraldoiak egindakoak dira eta 1968an Rolling Stones taldearen biran parte hartu eben.

1991n, Ike Turner eta bere emazte ohia Rock and Roll Hall of Famen sartu ziran. Musikari estadubatuarraren irudiak zeozertxo egin eban onera bere bizitzearen azken urteetan, The Kings of Rhythm taldeagaz eszenatokietara itzuli zan garaian. Grammy sarien 2007ko edizinoan, gainera, blues musikako diskorik onenaren saria jaso eban Ike Turnerrek ‘Risin' with the blues’ lanari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu