Andrée de Jongh, emakume ausarta

Jatorrizkoa Henrike Knorrena Bizkaie K Moldatua 2007-12-10 13:59

Andrée de Jongh oraintsu hil da, urriaren 13an, Bruselan, 91 urte bete hurran. Betiko atsedenean gera daitela emakume adoretsu eta eskuzabala, bere lanean euskaldun prestu eta bulartsuak izan zituana totalitarismoaren kontra gatazkakide.

1941eko abuztuan, 24 urteko belgiar emakume bat Bilboko britaniar kontsulatura joan zan. Andrée de Jongh eritxoen, baina guztiek Dédée deitzen eben ordura arte arte-saltzaile eta erizain ibilia zan emakume txiki eta polita. Alkarrizketan emakumeak bere plana azaldu eutson kontsulordeari: sare bat antolatzea, Frantzian, Luxenburgon, Herbeheretan eta Belgikan eroritako hegazkinlariak salbetako eta Frantzian barrena Espainian sartzeko, era horretara Lisboatik edo Gibraltartik barriro be Londresera joan eitezan.

Uzkur agertu zan kontsulordea plan haren aurrean. Nazien tranpa bat ete? Baina Andrée de Jongh ez zan bakarrik joan; hiru gizon egozan zain beheko solairuan, beste bi belgiar eta eskoziar bat, guztiak Bruselatik haregaz heldutakoak, nazismoaren aurka burrukatzeko desio biziagaz. Orduan kontsulordeak egun batzuk eskatu eutsozan emakumeari, bere nagusiakaz berba egiteko.

Berbatu denporea iraganik, eta beste bilkura baten ondoan, abian zan Comète sarea. Zergaitik izen hori? Dédée-k aterperatuen ibilbideari emon nahi eutson lastertasunagaitik. Aldiz, gerokoa izan leiteke latinezko ikurritza: Pugna quin percutas (‘Burruka egin, baina ez eizu hil). Diru-emoileak britainiarrak izango ziran (baina lehen sosak Dédée-ren bitxien salmentatik etorri ziran); zuzendaritzea, barriz, belgiarren eskuetan geldituko zan. Asmoa Bruselatik babesleku batzuk bilatzea zan mugaz handiko Euskal Herriraino. Behin Baiona aldera heldurik, zenbait mugalarik Hegoaldera ekarriko leukiez hegazkinlariak, leku seguruagora, Espainia ofizialki neutrala baitzan Bigarren Mundu Gerran, batetik, eta, bestetik, aliatuen enbaxadak erne egozan. Izan be, mugea pasau ondoren, ez jaken Espainiako agintariei iheslariak naziei emotea komenidu; ekonomiaren alorrean, batez be, kaltegarria izango litzateke holako jokabidea.

Igeslariei babes-etxeak eskaintzea eta mugea pasetan laguntzea nahikoa erraz antolatu zan. Baziran horretarako persona egokiak, besteak beste, Kattalin Agirre, Florentino Goikoetxea hernaniarra edo Ambrosio San Vicente gasteiztarra, beste askogaz batera, euskaldunak edo atzerritarrak (honeen artean zan Jean François Nothomb belgiarra, Amélie Nothomb eleberrigilearen osaba zaharra). Nortasun-agiri edo joan-etorrietako baimenak lortu behar ziran, jakina, baina baziran ezagunak udaletan eta beste erakundeetan langileak zein nahiko sartuak. Honaindiko Euskal Herrian harrerea beste lagun andana baten ardurea zan. Besteak beste, Tomas Arakama, Donostian auto-konpontzailea. Dédée-k berak batere arazorik barik pasau eban mugea dozenaka aldiz.

Andrée de Jongh Urruñan atxilotu eben, traizinoz, 1943ko urtarrilaren 15ean. Ordura arte, Comète sareak 750tsu lagun atara zituan Frantzia, Luxenburgo, Belgika eta Herbeheretatik. Alemanak hasi jakozanean itauntzen, kosta jaken sinistea ha zala Comète sarearen burua. Emakume haren barruko indarraren barri ez jakin. Zikloi txikia deitzen eban haren aitak (hau saiatu zan sarearen lana jarraitzen Parisen eta naziek fusilau eben uritik oso hur dagoan Mont-Valérien muinoan, 1944ko martian), eta Britaina Handiaren Madrilgo enbaxadan ziharduan kolonel batek holan inoan haretaz: ‘Elezaharreko heroi hutsa da Dédée’. Denpora laburra iragan ondoan espetxez espetxe, Mauthausengo kontzentrazino-zelaian zan, eta handik Ravensbrückekora eroan eben. Infernu haretatik 1945eko apirilean urten eban emakumeak, gerrearen azken egunetan, eri handi. Gorriak ikusi zituan, bai, baina igeslari eta sare-kide askok ez eben suberte ha izan, eta kontzentrazino-zelaietan edo igesi joiazala tirokatuak hil ziran.

Gerrea amaitu zanean, Dédée-ri omenaldi eta gorazarre asko eskaini jakozan. Belgikan, zelan ez, hasteko: kondesa izentau eben, armadaren teniente-kolonel eta Leopoldo erregearen Ordenaren kide. Gainera, Frantziako Légion d'Honneur dalakoaren kide egin eben; Britainia Handian George Medal izenekoa emon eutsien, goreneko ohore zibila atzerritarrentzat, eta Estadu Batuetan Freedom Medal dalakoa. Baina Dédée ez zan kontent besteri laguntzinoa emon barik, eta 1955 arte Afrikako zenbait erietxe eta legenardun-tokitan ibili zan lanean, Kongon, Etiopian, Kamerunen eta Senegalen. Ez daigun ahaztu bi goi-eredu izan zituala gaztetandik: bata Edith Cavell, britainiar erizaina, Lehen Mundu Gerran Belgikan Gurutze Gorriarentzat ziharduana, eta neutral ziran Herbeheretara ingeles eta frantses soldadu ugari pasetan laguntzeagaitik alemanek 1915ean fusilatua. Eta bestea Joseph De Veusterel belgiarra (1840-1889), Père Damien izenez ezagunagoa, legenardunen artean Molokain, Hawai uhartedian, hainbat urte emon ondoren bera be legenarrez kutsaturik hil zana (irakurle askok Molokai filma, 1959koa, izan leikie oraindino gogoan, Luis Lucia zuzendariarena, Javier Escrivá antzezle-buru zala).

Urtero, irailaren lehen egunetan, Comète sarearen Adiskideen alkarteak eta Errenteriako Urdaburu mendizale alkarteak hiru egunetako ospakizunak antolatzen ditu Donibanen, Angelun eta Ziburun. Ziburuko hilerri eder-ederrean, itsas zabalaren aurrean, loreak eskaintzen jakoz Kattalin Agirreri eta Florentino Goikoetxeari (biak Légion d'Honneur-kideak, beste domina batzuk ez aitatzearren). Han hasten da gero ibilaldi polita, bi etapatan, Oiartzuneraino, Urruñan barrena, eta Bidasoa oinez (ez erraz batzuetan) zeharkatuz, igeslari hareek egiten eben legez. Bigarren egunean, azken geldialdia Iriarte familiaren Sarobe baserrian da, Oiartzungo Ergoien auzoan. Hara heltzean hegazkinlariak sentiduten ziran azkenean seguruak, adiskideen artean. Orain, ospakizunean, etxekoek goxoki hartuak izaten gara, eta badogu gerra eta denpora ilun hareek bizi izan zituenakaz, edota senideakaz berba egiteko aukerea, baita adin guztietako lagunakaz. Euren artean da Juan Carlos Jiménez de Aberásturi historiagilea, lan txikiagoak aparte itxita bi liburu bikain idatzi dituana: En passant la Bidassoa. Le réseau Comète, erdal itzulpenagaz: Vascos en la 2ª Guerra Mundial. La red Comète en el País Vasco (1995 eta 1996, hurranez hurran) eta Askatasunaren bidea: Florentino Goikoetxea eta beste hernaniar batzuk nazismoaren aurkako burrukan bigarren Mundu Gerran,erdaraz El camino de la libertad: Florentino Goikoetxea y otros hernaniarras en la lucha contra el nazismo durante la II Guerra Mundial (2006). Andrée de Jongh-ek sortu eban Comète sarearen gainean bada bibliografia guztiz joria, eta zerrenda horretan bi liburu horreek oso baliotsuak dira zinez.

Andrée de Jongh oraintsu hil da, urriaren 13an, Bruselan, 91 urte bete hurran. Betiko atsedenean gera daitela emakume adoretsu eta eskuzabala, bere lanean euskaldun prestu eta bulartsuak izan zituana totalitarismoaren kontra gatazkakide.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu