Nikaraguako San Carlosegaz Senidetutako Urien Nazinoarteko Topaketea Arrigorriagan

Bizkaie! 2007-10-04 18:54

Urriaren 4 eta 6 bitartean, San Carloseko udal agintari eta Nikaraguako uri horregaz alkartasun eta lankidetza hartu-emonak dituezan uri eta erakundeetako ordezkarien arteko topaketea egingo da Arrigorriagan.

Urriaren 4 eta 6 bitartean, San Carloseko udal agintari eta Nikaraguako uri horregaz alkartasun eta lankidetza hartu-emonak dituezan uri eta erakundeetako ordezkarien arteko topaketea egingo da Arrigorriagan.

San Carlos uria Nikaraguako Rio San Juan Departamenduko uriburua da. Managuatik 300 kilometrora eta Juigalpatik 162ra kokatuta dago. Uria Nikaraguako Lakuaren hego-ekialdeko muturrean dago, lakuaren berezko hustubide eta Costa Ricagaz muga egiten dauen San Juan ibaiaren jaiotzan, biosferaren erreserba legez katalogauta dagoan ingurune natural batean.

1997 eta 2007 bitartean, Euskal Fondoa, Asodelco Alkartea eta San Carloseko Udalagaz alkarlanean, uri-inguruneko lau auzuneen birgaikuntza lanetan ibili da; horreen artean, alde zaharra, gitxi gorabehera 56 hektarea eta 13.000 bizilagun dituan gunea.

Tarte honetan hainbat egitasmo gauzatu dira:

- Escondido Auzoaren birgaikuntzea.
- San Carloseko gotorlekuaren zaharbarrikuntzea.
- José Coronel Utrecho Kultur Gunearen ekipamendua.
- José Coronel Utrecho Kultur Gunearen lehen kudeaketa urtea.
- Chato Medrano Plazearen birmoldaketea.
- Kale eta fatxaden birgaikuntzea (I eta II Faseak).
- Ur baltzen saneamendua hobetzeko lanak, aldiriko hiru auzotan.

‘San Carlosegaz Senidetutako Urien Nazinoarteko’ azken topaketea Nürenberg-Alemanian egin zan 2006ko zemendian eta San Carloseko uri-ingurune honek bizi dauen arazo nagusiari aurre egiteko konpromiso bateratuagaz amaitu zan, edateko ur horniketa eta ur hondakinen tratamenduari aurre egitea, hain zuzen.

Ordutik hona, San Carloseko Udalak, Marisol McRea Doktorea buru dauela, bertako zein nazinoarteko hainbat talde eta erakundeen laguntzinoagaz San Carlos Osoko Ur Plangintzea egiteko asmoa dauka.

Gaur egun osogarri diran egitasmoetan dabilz buru-belarri; danak ur horniketea eta erabilera egokia bermatzeko, ingurumenaren garapen jasangarrirako eredu baten barruan.

Asodelcok, Euskal Fondoaren laguntzaz, urigunean lehen hobekuntzei ekin eutsen. Bi fasetan egindako Gune Historikoko Kale eta Fatxaden Birgaitze lanei esker, edateko ur horniketea hobetu eta estolderia sistema osoa barritu da. Era berean, aldiriko lehen sektore diran ‘Proyecto Habitacional’, ‘Manantial’ eta ‘Viviendas Progresivas’ auzuneetako saneamendua hobetzeko lanak hasi dira.

‘Bello Amanecer’, ‘Ruben Darío’, ‘Linda Vista I’ eta ‘Linda Vista II’ auzoak barruti honetako aldirietako eraztuna osotzen dabe. Ur horniketarako ekimen desberdinak gauzatu dira bertan; besteak beste, Eusko Jaurlaritzeak eta Gasteizko Udalak lagundutakoak. Bigarren fase batean, BCIE erakundearen dirulaguntzinoagaz, Alkatetza auzo honeetan estolderia sistema bat eregiteko lanak hastear dago.

Ur-Ibilbide Programearen helburu nagusiak edateko uraren eta uri-ingurune osoko horniketearen kalidadea hobetzea dira. Programa hau aurrera doa Nikaraguako Turismo Institutua - INTUR eta San Carloseko Udalaren artean, BID Bankuaren dirulaguntzinoagaz.

Era berean, Udala El Aguacate kaleko ur hondakinen ponpaketa sistema bat eregiteko lanak egiten ari da Gobernuaren dirulaguntzinoagaz; zailtasun handiko lanak dira, izan be, kale hau ia Lakuaren maila berean kokatzen da.

Bestalde, San Carloseko agintariak San Carlos Osoko Ur Plangintza osotzeko asmoz nazinoarteko erakundeakaz (ACRA - Europar Batasuna, Euskal Fondoa, Senidetutako Hiriak) hainbat gestino egiten ari dira, San Juan ibaira edo Cocibolca Lakura isuri aurretik ur hondakinen tratamendua bermatuko daben egitasmoak gauzatu daitezan. Bertako teknikariak, ENACAL - estaduko erakundearen eta injineru alemanen laguntzinoagaz, tokiak ingurumen arloko ezaugarri bereziak kontuan hartuko dituan Ur Hondakinen Tratamendurako Zentralen diseinurik egokiena zein izan daitekeen aztertzen dabilz.

Ekimen honeen aurrerapenei buruzko informazinoa, txosten teknikoak eta bideragarritasun tekniko eta finantzieroak dira Arrigorriagan egingo dan hurrengo Nazinoarteko topaketan jorratuko diran hitzaldi eta eztabaiden asmoa.


Topaketetan parte hartuko daben uri eta erakundeak:

Euskal Fondoa — Euskal Herria
San Carlos hiriko alkatetza — Nikaragua
ASODELCO — Nikaragua
ENACAL — Nikaragua
Fons Catalá de Cooperació al Desenvolupament — Catalunya
Erlangen — Alemania
Initiative San Carlos Witten — Alemania
Nuernberg — Alemania
Groningen-San Carlos senidetzea — Holanda
ACRA-Associazione di Cooperazione Rurale in Africa i America Latina — Italia
San Carlos California — USA
Horizonte 3000. Linz - Austria
Nazioarteko Elkartasuna — Solidaridad Internacional
Eusko Jaurlaritzako Garapen Lankidetzarako Zuzendaritza AMVISA — Aguas Municipales de Vitoria-Gasteiz

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu