Gari esperantzara kondenauta

Bizkaie! 2007-09-27 15:49   Musikea

Bakarka argitaratzen dauen bosgarren laneko hamaika kantak egiteko bizitzan garrantzitsuak diran gauzetan oinarritu da. 'Diskoak gitxika-gitxika hartu dau formea’. Hori bai, gauza bat argi egoan: ‘rocka egin gura neban eta rocka egin dot’.

Orain dala urte bi zerotik hasi ostean, ‘Esperantzara kondenatua’ izeneko disko barriagaz jatorku Iñaki Garitaonaindia ‘Gari’ musikaria. Bakarka argitaratzen dauen bosgarren lana da, ‘orain arte egin dodan lanik bikainena’. Bizitzan garrantzitsuak diran gauzetan oinarritu da kantak egiteko. ‘Argi egoan norantz jo gura neban baina hasierako ideia horrek ez eban izan ezertarako balio’. Izan be, ‘diskoak gitxika-gitxika hartu dau formea’. Hori bai, gauza bat argi egoan: ‘rocka egin gura neban eta rocka egin dot’. Aurreko diskoko estiloagaz pozik geratu bazan be, ‘nire esparrua rocka da’. Kanta danak grabazino-estudioan grabauta dagoz eta Fran Iturbek koproduziduta.


Berbak ez ditu berak idatzi

Diskoan hamaika kanta batzen dira, ‘azken bi urteotan bizitakoen ganeko kantak, letra sakonakaz’. Berbak, baina, ez ditu Garik idatzi. Horretarako, Jose Luis Padrón, Jon Benito, Jon Maia eta Roberto Moso izan ditu kolaboratzaile. ‘Orduak eta orduak emon dodaz euretariko bakotxagaz nire sentimentuen ganean berbetan; asko kostetan jat sentiduten dodanaren ganean idaztea’. Halanda be, aurrerantzean berak idaztea gustauko litxakiola onartu dau: ‘espero dot hurrengo diskoan holan izatea’.

Kanta danak, bat kenduta, euskeraz dagoz, ‘kasualidadez, holan tokau dalako’. Tartean, ‘Edertasunaren bideetan’, ‘Zein ote naiz zu gabe’ eta ‘Gaur’ izeneko lan barriak sartu ditu diskoan. Gaztelaniaz dagoan kanta bakarrak (Roberto Mosoren berbakaz), azkenak, ‘Por la Paz María se fue a la playa’ izenekoak, ‘bizimodua trankilago hartzera eroaten zaitu’.


Kontzertuak

Kanta barriak laster izango dira entzungai: zemendiaren 16an, Gasteizko People aretoan; zemediaren 18an, Iruñeako Gayarre antzokian; zemendiaren 30ean, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian; eta, abenduaren 13an, Bilboko Kafe Antzokian. Aurrerantzean, Gari zuzenean ikusteko aukerea eskainiko daben data gehiago zehaztuko dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu