Bilbo argazkigintzearen uriburu bihurtuko da urrian

Bizkaie! 2007-09-24 14:32
Bost erakusketa, bi berbaldi eta tailer bat programau ditue, Espainiako Argazkilaritza Konfederakundearen XXII. Biltzarragaz bat eginaz

Bizkaiko uriburuak harrerea egingo deutso lehenengo aldiz Espainiako Argazkilaritza Konfederakundearen urteroko biltzarrari. Biltzarrak XXII. edizinoa beteko dau aurten, eta Euskal Herriko Argazkilaritza Alkarteen Federakundeak antolatuko dau urriaren 19tik 22ra bitartean BBKren babesagaz eta Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren lankidetzegaz.

Bizkaiko uriburuak harrerea egingo deutso lehenengo aldiz Espainiako Argazkilaritza Konfederakundearen urteroko biltzarrari. Biltzarrak XXII. edizinoa beteko dau aurten, eta Euskal Herriko Argazkilaritza Alkarteen Federakundeak antolatuko dau urriaren 19tik 22ra bitartean BBKren babesagaz eta Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren lankidetzegaz. Biltzarragaz batera antolatuko diran ekitaldiak urri osoan eta zemendiaren lehenengo egunetan be egingo dira.

Biltzarraren inguruan maila artistiko handiko bost erakusketa antolatu dira danetara, baita bi berbaldi eta argazkigintza tailer bat be. Izen handiko profesionalen parte-hartzea eta lanen aukeraketa bikaina gogoan, Bilbo argazkilaritzearen uriburu bihurtuko da urrian. Biltzarraren egoitza nagusia BBK-k Elkano kalean dauen Kultur Aretoa izango da, baina erakusketak FNAC saltokian, Indautxu Hotelean eta Sala Espacio de los Mundosen be ikusi ahal izango dira.


2007ko Sari Nazionala

Biltzarrean zehar, Espainiako Argazkilaritza Konfederakundeak 2007ko Sari Nazionala emongo deutso Gabriel Brau-ri ‘Afrikako argiak’ izenburuko lanagaitik. BBK-ko Kultura Aretoan ikusgai izango dan lan honetan, artista katalanak zuri-baltzean erakusten ditu Kenia, Tanzania, Senegal, Mali edota Burkina Fasorako bidaien emoitzak eta Tuareg, Masai, Dogon edo Bozo lako antxinako herriakazko jakinmina. Gabriel Brau, Afrikako bidaietan laguntzaile izan dauen gidarietako baten konpainian etorriko da Bilbora, eta bere lana aurkezteko berbaldi bat eskainiko dau urriaren 19an.

Bestalde, Biltzarrak omenaldia egingo deutso Segovian jaio baina Guadalajaran bizi dan Santiago Bernal argazkilariari bizitza osoko lanagaitik. Heziketaz autodidakta bada be, Bernal XX. mendeko espainiar argazkilaririk onenetakoa da adituen eretxiz. Bere lanetan, Alcarriako giza-paisajea hartu dau oinarritzat. Lanon aukeraketa bat ‘Begirada bizia’ izenburupean ikusi ahal izango da FNACen egoitzan.

BilboArgazki’07ko beste protagonista bat Ricky Davila bilbotarra izango da, nazinoarteko egunkari eta aldizkarietarako lan egin dauen free-lance ezaguna, Veneziako Biurtekoan edo Reina Sofia Museoan argazkiak erakutsi eta Fotopress edo PhotoEspaña lako sariak jaso izan dituana. Gaur egungo argazkigintzeari eskainitako aldizkari baten zuzendarikidea dalarik, liburu batzuk argitaratu eta zenbait zinegileren kolaboratzaile be izan da, Alex de la Iglesiaren ‘800 balas’ filma tarteko dalarik. Bilborako itzulera honetan, Davilak berbaldi bat emongo dau urriaren 26an eta argazkilari gazteei zuzendutako tailer profesional bat zuzenduko dau.

BilboArgazki’07ren eskaintzea osotuz, azken zortzi urteotan Euskal Herriko Argazkigintza Alkarteen Federakundea eratuz joan dan fototekako irudi-sorta bat jarriko da ikusgai. Federakundeak 22 alkarte eta 2.000 bazkide baino gehiago batzen ditu. Fototekan 1.200 irudi baino gehiago dagoz, horreetako asko Alberto Schommer-ek, Sigfrido Koch-ek eta izen handiko argazkilariek nahiz kalidade handiko beste egile ezezagunago batzuek egindakoak, eta hauxe da funts horreek jentaurrean erakutsiko diran lehen aldia. Aukeratutako irudiak BBKren Kultura Areto batean ikusi ahal izango dira. Era berean, Indautxu Hotelean, azken Argizaiola saria irabazi dauen Javier Fernandez Ferrerasek Bilboko Itsasadarrari buruz burutu dauen lan argitarabako bat ikusi ahal izango da, eta Sala Espacio de los Mundos dalakoan, Mamen Marik loreak oinarri eta ardatz dituan ‘Testureagazko Solasak’ izenburuko irudi erakusketea egongo da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu