497 miloe euroko isuna Microsofti

Gotzon Plaza 2007-09-18 02:00

Europar Batzordeak Microsoft enpresearen errekurtsoa atzera bota eta 497 miloe euroko multea ezarri deutso. Bill Gates jn.ak bi hilebeteko epea dauka orain epaia errekurriduteko.

Europar Batzordeak Microsoft enpresearen errekurtsoa atzera bota eta 497 miloe euroko multea ezarri deutso. Gates jn.ak bi hilebeteko epea dauka orain epaia errekurriduteko.

Istorioa ez da bapa gaurkoa, denporan atzera egin behar dogu ta. ‘Sarean’ atalean, gai honen barri baten baino gehiagotan emon dogu eta antza danez, oraingoa azken kapituloa izango da. Atzera begiratu ezkero, 2004an Europar Batzordeak Gates jaunaren enpreseari goian esandako isuna jarri eutson (497 miloe euro). Arazoa zein zan? Europar Batzordearen eretxiz, Microsoft enpresea monopolio bihurtzeko ahalegin guztiak egiten ebilen eta horren erakusgarri, honakoa aitatzen zan: Windows sistema operatiboetan eta bezeroari (sistema operatiboa erosten ebanari) aukerarik emon barik, Media Player programea sartzen eben. Programa hau bai bideoak eta baita musikea entzuteko erabilgarria da baina merkatuan badagoz bestelakoak be. Kontua da ze merkatuan dagozan beste programa batzuk ez dabela Windows sistema operatiboan integretako biderik; horretarako, Windows sistemearen kodearen parte batzuk ezagutu behar ditue, programok egokitu ahal izateko. Microsoftek ezezkoa emon eutson aukera horri, kodea eurena zala eta konpetentzikoei ezer erakutsi beharrik ez ebela arrazoituz.

Kontuak kontu, EBk konpetentzia murrizketea egiten zala eta beste produktu batzuk berezoen eskuetara heltzeko bidean traba egiten zala adierazo eban (Microsoft-en merkatu kuotea kontuan hartuta, produktu bat eurekaz ez bada integretan ez dauka ezelako aukerarik bizirik irauteko). Azken baten, horixe da epaitzen zana, Microsoft enpreseak merkatuaren % 95eko merkatu kuotea izatea eta beste enpresek ez izatea aukerarik.

EBk hau guzti hau aztertu eta epaitu ondoren sekulan jarri ez dauen 497 miloeko isuna jarri eutson Microsofti. Jakina, dirutza hori pagau aurretik errekurtsoak aurkeztu zituen. Gauzak holan dirala, orain hiru urte jarritako errekurtsoari orain emon jako erantzuna: Batasuneko Epaitegiak errekurtsoa atzera bota eta, beraz, hiru puntu garrantzitsuak aurrera doazela ziurtatu dau. Batetik, isuna aurrera doa; bestetik, Microsoft-ek Windows-eko sistema operatibo bi aurkeztu behar ditu, bata Media Player honegaz eta bestea Media Player barik, erosleak aukeratu daian; azken buruan, Europar Batzordeak aginpidea dauka Microsoft behartuz euren kodeak konpetentziari emoteko (pagau ezkero, jakina) beste produktu batzuk be Microsoft-eko sistemakaz ‘berba’ egin eta holan euren artean integrazinoa lortzeko.

Epaiaren arabera, merktuaren % 95 Microsoft-en eskuetan egonda, enpresa honek ezin ditu bere produktuak eta zerbitzuak inposatu. Konpetentziarako Batzordeko arduraduna dan Neelie Kroes and.aren esanetan, Microsoft-en merkatu kuotea jaistea nahitaezkoa da (ez dau esan noraino baina).

Dana dala, Microsoft-en aldetik gauzak beste era batera ikusiko dira. Euren esanetan, sententzia hau oso-osoan beteko dabe baina bertako puntu batzuk abiarazo ditue honezkero; berbarako,2005ean hasi ziran Media Player bako Windows sistemea saltzen, egia esan arrakasta handi barik. Eta beste enpresa batzugaz be hartu-emonetan jarri dira: Sun Microsystems-egaz, Solaris eta Windows sistemak bateragarriak izan daitezan, edo ta Novell enpreseagaz.

Kontuak kontu, epaia errekurridutea posible da (bi hilebeteko epea dago horretarako) baina momentuz Microsoft-eko abokatuek eta arduradunek sententzia (270 orrialde) astiro-astiro irakurten dabilz eta gero pentsauko dabe zer egin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu