EGOk Florentziako gazte orkestren jaialdian parte hartuko dau

Bizkaie! 2007-07-06 02:00   Musikea

Euskal Herriko Gazte Orkestrearen udako 11. denporaldia maila handikoa eta jantzia izango da. Aurtengo udan, lehenengo aldiz, EGOk Florentziako Gazte Orkestren Jaialdian parte hartuko dau. Jaialdiak hamar urte bete ditu eta holako ekitaldirik garrantzitsuenetako bat da munduan.

Euskal Herriko Gazte Orkestrearen udako 11. denporaldia maila handikoa eta jantzia izango da. Aurtengo udan, lehenengo aldiz, EGOk Florentziako Gazte Orkestren Jaialdian parte hartuko dau. Jaialdiak hamar urte bete ditu eta holako ekitaldirik garrantzitsuenetako bat da munduan. Garagarrilean zehar 1.500 musikari baino gehiago alkartuko dira bertan, 70 kontzertutik gora eskaintzeko. Aurtengo ekitaldian, Euskal Herriko Gazte Orkestreagaz batera, Estadu Batuetako 7 gazte-orkestrak, Erresuma Batuko 3k, Holandako 3k eta Irlanda, Estonia eta Danimarkako beste batzuek hartuko dabe parte.

Birea garagarrilaren 23tik 28ra bitartean izango da eta EGOk oso agertoki interesgarrietan jardungo dau: Tetuccio de Montecatini Termen, Arezzoko Erromatar Anfiteatroan eta Florentziako Chiesa Di Santo Stefano Al Ponte Vecchion, besteak beste. Egonaldia osotzeko, Luccan eta Sienan kultur bisitaldiak egingo ditue. Hauxe da egitaraua:

- Garagarrilaren 24an, Kontzertua Arezzon, Erromatar Anfiteatroan.
- Garagarrilaren 25ean, Luccara bisitaldia. Kontzertua Montecatinin, Terme Tettuccion.
- Garagarrilaren 26an, Sienara bisitaldia.
- Garagarrilaren 27an, Florentziara bisitaldia eta Kontzertua Florentzian, Chiesa di S. Stefanon.


Musika egitaraua

EGOk uda honetan izango dauen topaketea bere historiako osoenetako bat izango da, hezkuntza-eskaintzearen ikuspegitik. Honako errepertorio hau landuko dabe bertan:

J. Guridi Amorosa; P.I.Tchaikovsky 6. sinfonia ‘Patetikoa’; L.V.Beethoven 1. sinfonia (Italiako Biran bakarrik) eta T. Aragues Mama.

Programea garatzeko aukeratutako lekua Eibarko heziketa-zentroa da.Juan José Ocón izango da programako zuzendari artistikoa, baina Lorenz Nasturica Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kontzertino maisuaren laguntza eta jakinduria izango ditu lagun bere eginkizunetan.

Ergonomiari be egingo deutso tartea EGOk udako jardueretan, izan be, Joxean Estebanez fisioterapeutaren eskutik, beren gorputza ezagutu eta instrumentua jotean minik ez hartzeko zer jarrera hartu behar daben ikasteko aukerea izango dabe musikariek.

Azkenik, EGOk entzunaldiak egingo deutsez Orkestrako antxinako eta gaur egungo kide diran 40 musikariri, orkestra profesionaletan lanean aritzeko beka-programa bat eskaintzeko. Oraingoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izango da hartzailea. Entzunaldi horregaz batera, EGOko musikariek beste proba bat egingo dabe, 2008ko denporaldiko kontzerturen batean bakarlari legez parte hartzeko.


EGOk Euskal Herriko biran egingo dituan kontzertuak

- Garagarrilaren 20an, Bilboko Euskalduna Jauregian.
- Garagarrilaren 21ean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.
- Garagarrilaren 22an, Gasteizeko Principal Antzokian.


Lankidetza-hitzarmena

Euskal Herriko Gazte Orkestraren udako denporaldiko ekitaldi nagusiak Italian egingo dauen birea eta Euskadin eskainiko dauen P.I.Tchaikovskyren sinfonia ‘Patetikoaren’ hiru emonaldiak izango dira. EGOren denboraldiaren aurkezpenean, Mirez Azkarate Kultura sailburu eta Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazinoko lehendakariak eta BBK-ko, Kutxako eta Vital Kutxako ordezkariek Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazinoaren eta hiru kutxen arteko 2007ko lankidetza-hitzarmena sinatu dabe. Akordio hau berretsita, Jaurlaritzeak eta euskal kutxek beste pausu bat emon dabe gure herriko musikari gazteei kalidadezko preparazinoa eskaintzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu