UNED-Bergarako Udako Ikastaroetan izena emoteko epea maiatzaren 31n amaituko da

Bizkaie! 2007-05-28 02:00

Aurtengo edizinoan 32 ikastaro eskainiko dira, bagilaren 12tik 29ra bitartean eta ezaguerearen arlo desbardinetako gaiak lantzeko helburuagaz.

Bagilaren 12tik 29ra bitartean eta ezaguerearen arlo desbardinetako gaiak lantzeko helburuagaz antolatutako UNED-Bergarako Udako Ikastaroetan izena emoteko epea datorren maiatzaren 31n amaituko da. Aurtengo edizinoan, seigarrena, 32 ikastaro eskainiko dira.

Unibersidadeko iturriek jakinarazo daben legez, ikastaroek ‘egungo gaien ganeko ezaguerak eskuratzeko interesei erantzuten deutse eta hausnarketan eragiten dabe’. Besteak beste, honako honeek aitatu daitekez: gaztelaniaz emongo diran ‘Internet red de redes. El desarrollo cultural a través de los nuevos soportes digitales’, ‘Migraciones, mercado, ciudadanía: repercusiones jurídicas y culturales’, ‘Leer los campos (Robert Antelme, Primo Levi, etc.), y ¿después Auschwitz?’ edota euskeraz emongo dan ‘Gerrari buruzko memoriala euskeraz’.

Ikastaro metodologikoek, barriz, praktikan jarteko moduko prestakuntzea emoten deutse ikasle eta profesionalei. Eskaintzen diran ezaguera desbardinen artean gizarte-zientziak, empresa, historia eta literaturea dagoz. Zikloak bagilaren 12tik 29 bitartera emongo dira eta, bakotxak, hiruzpalau eguneko iraupena izango dau.

Juan Jose Alvarez UNED-Bergarako zuzendariak adierazo dau Gipuzkoan dagozan udako ikastaroen helburua ‘eskaintza bikainaren osogarri’ dirala. Aurreko edizinoan 400 bat ikaslek parte hartu eben UNED-Bergarak antolatutako Udako Ikastaroetan.

Informazinoa jaso edota matrikulea egiteko, hainbat bide dagoz: garai bateko Bergarako Seminarioan eta gaur egun UNED-Bergarako zentrora hurreratu; 943 76 90 33 telefonora jo; info@bergara.uned.es helbide elektronikora idatzi; edota UNED-Bergarako webgunera sartu (www.uned.es/ca-bergara).

UNED-Bergarak matrikulazino deskontuak eskaintzen ditu UNED-Bergaran matrikulautako guztiei eta INEMen izena emondako lanbakoei eta Kutxako bezeroei be deskontua eskaintzen jake. Ikastaroa amaitukeran, UNED-Bergarak parte-hartze agiria emongo deutse ikasleei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu