100 kirol automobil klasikok parte hartuko dabe Rallyestoneren 2. edizinoan
2007-04-10 02:00100 automobil inguruk parte hartuko dabe Bizkaia, Araba, Burgos eta Kantabria probintziak zeharkatuko dituan jazoera honetan. Probak hiru egun iraungo ditu. Etapa barri honetan, parte-hartzaileek ia 1000 km. egin beharko ditue.
100 automobil inguruk parte hartuko dabe Bizkaia, Araba, Burgos eta Kantabria probintziak zeharkatuko dituan jazoera honetan. Probak hiru egun iraungo ditu. Etapa barri honetan, parte-hartzaileek ia 1000 km. egin beharko ditue. Urteerea Arriaga antzokiaren zabalgunean izango da, eta helmugea, Churruca Pasealekuan (Sheraton Hotelaren aurrean). Igaz proba horrek arrakasta handia izan eban, eta 100.000 ikusletik gora hurreratu ziran. Bigarren edizino honetan kopuru hori gainditu nahi da.
Abiadura-rallya izan da beti, baina 2006ko edizinoaren ostean, erregulartasun-rally bihurtu da, bertsino guztiei erreparauta: erregulartasun hutsa, aldakorra…
Historia apur bat
Orain 30 urte baino gehiago hasi ziran automobil-probea egiten, eta munduko markarik garrantzitsuenak bertan lehiatu ziran. 1952an Bilbao Firestone 1. Rallya egin zan Bilbon, eta probearen enbrioia izan zala esan daiteke. 60ko hamarkadan, Burgosen Firestone fabrikea inaugurau ebenean, Espainiako Automóvil Club alkarteak antolatuta, 1. Firestone Rallya egin zan.
60ko hamarkadaren amaieran, Bizkaiko Real Peña Motorista alkarteak automobil-probea antolatu eban. Danetara, 66 ibilgailuk emon eben izena, 46k urten eben, eta 27 baino ez ziran heldu helmugara, ibilbidearen gogortasunagaitik. Urte horretatik aurrera eta 80ko hamarkadearen hasierara arte, Firestone babesle ofiziala izan zan. Hasiera-hasieratik, Espainiako txapelketarako puntuagarria izan zan.
Rallyak hainbat probintzia zeharkatu ditu: Bizkaia, Araba, Kantabria eta Burgos aitagarrienak dira, eta Santanderren, urte askotan, neutralizazinoa emon zala esan daiteke. Probak inguru ederrak zeharkatu zituan, esaterako Peña Angulo, Carmona, Gueñes, Gordexola, Vivero. Leku horreetako batzuetan, parte-hartzaileek klima-baldintza gogorrei aurre egin behar izan eutsien, eta batzuetan ibilbidearen tarte bat kendu egin behar izan eben. Zehatz esanda, rallyaren 16 edizino egin dira, 12tan Bilbotik urten dau, eta ibilbiderik erabiliena Bilbo-Castro Urdiales-Santander-Bilbo izan da.
Denporeak aurrera egin ahala, ibilbidean barrikuntzak sartu ziran. 1976an sartutako barrikuntzetako bat lur-atal ezkutuak izan ziran.
Ekipo ofizial onenak lehiatu dira, marka askotakoak, besteak beste, Opel, Lancia, Ford, Fiat, Polski Fiat, SEAT, Renault, Talbot, Saab, Citroen, eta gidaririk ospetsuenak, esaterako Munari, Pinto, Nicolás, Rohrl, Verini, Asterag, Coleman, Makinen, Vatanen, Barbasio, Etcheberts, eta Estaduko zerrenda bikaina, Tramont, Ruiz Jiménez, Doncel, Zanini, Cañellas, Babler, Pradera, Lezama, Etxabe, Zorrilla, Bagration, Servia, Ortiz, Beny Fernández, Pío Alonso, Ricardo Muñoz, Bonet, Oliveras, eta abar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!