Durangoko bonbardaketea atzerrian
2007-03-22 01:00Hilebete honen azkenetan, martiaren 31n hain zuzen be, Durangoko bonbardaketearen 70. urteurrena izango da. Durangokoa historian herritarrei egindako lehenengo bonbardaketea izan zan.
Hilebete honen azkenetan, martiaren 31n hain zuzen be, Durangoko bonbardaketearen 70. urteurrena izango da. Durangokoa historian herritarrei egindako lehenengo bonbardaketea izan zan.
Egunotan nahiko idatzi da eta idatziko da bonbardaketa horren ganean. Hurrengo lerroetan, gure asmoa, Durangoko bonbardaketeak kanpoan, atzerrian, izan eban eragina ikusi eta aztertzea da. Kazetariek zein atzerriko politikoek Durangon jazotakoaren barri emon eben.
Durangon bonbak jaurti eta gero, Eusko Jaurlaritzea berehala ahalegindu zan barria zabaltzen. Hildako eta zauritutako personen eta kaltetutako etxeen argazkiak egin, hareen kopiak atara eta hainbat egunkari zein aldizkarietara eta atzerritarren ordezkaritzetara bialdu zituen. Hainbat hizkuntzatan idatzitako liburutxuak be argitarau ziran, argazki eta guzti. Irratietan be emon ziran albisteak, baita gerra sasoian Bilbon eta Bizkaian argitaratzen ziran egunkari zein aldizkarien bitartez be, batez be ‘Euzkadi’ eta ‘Euzkadi Roja’ argitalpenetan. Hurrengo egunean be, apirilaren 1ean, Espainiako egunkariek Durangon jazotakoaren barri emon eben.
Apriliaren 2rako, Tokioko ‘Osaka Asahi’ eta ‘Yomiuri’ egunkariak be albistea emon eben. Lehenengo kopuruak be aurreratzen hasi ziran Japoniako egunkarietatik: hildakoak 200 eta zauritutakoak 300. Bost egun geroago, ‘Ce Soir’ egunkariak Durangoko bonbardaketearen ganeko lehenengo erreportajea ekarren. Bertan, hildakoak 300 zirala eta zaurituak 2.500 aitatzen zan. Ganera, Eusko Jaurlaritzeak egin eta bialdutako sei argazki argitaratu zituan. Apirilaren 8an George L. Steer, ‘Times’ egunkari ingelesaren kazetaria joan zan Durangora.
Atzerritik egun batetik bestera emon zan erantzuna eta apirilaren 2an, frantsesek eta ingelesek osoturiko ordezkaritza bat Durangora heldu zan. Canterburyko Deana, Londreseko Unibersidadeko irakasleak edota alderdi politikoetako zein gerrearen kontrako erakundeetako ordezkariek osotzen eben taldea. Berton, uria ikusi, bertokoakaz berba egin eta txostena idatzi eben.
Frantsesek, ingelesek zein estadubatuarrek berehala izan eben Durangon jazotakoaren barri. Herrialde horreetako Bilboko konsulek bonbardaketea jazo eta gitxira bialdu zituen txostenak jazotakoaren ganean eta ondorioen nondik-norakoakaz.
Hurrengo egunetan eta hilebeteetan, hainbat eta hainbat liburuxka argitarau ziran egoerea zalatzeko. Batzuk Jaurlaritzeak berak hainbat hizkuntzatan argitaratutakoak ziran eta, beste batzuk, Europako herrietan euskaldunek zituen lagunen ekimenez urten eben.
Azkenik, Durangoko bonbardaketea Europan zein Mundu mailan ezagutarazoteko ekitaldirik nagusiena Agirre lehendakariak berak egin eban. Bigarren Mundu Gerrea amaitu zanean, aliatuek Nuremberg-ko Epaia antolatu eben gerra honetan izandako gizakien kontrako ekintzak epaitzeko.
Bertan aurkeztu gura izan eban lehendakariak Durangoko kasua, epaitegi berezi honen erabagia ezagutu guran. Baina Nurembergen ezin ziran 1941 urtetik aurreragoko arazoak ikusi, data hori baino lehenago Stalin agintari errusiarrak berak be, gero naziek egingo eben moduan, hainbat eta hainbat persona hil zitualako. Holan ba, Durangoko bonbardaketea eta Gerra Zibila ez ziran epaitu.
Dana dala, Nurembergeko Epaiketan, Herman Göeringeri, Hitlerren urkuetariko jeneralari, Durangoren ganean galdetu eutsenean, bonbardaketa ha gerran egindako aproba bat baino ez zala izan erantzun eban, eta zoritxarrez alemaniarrek Gerra Zibilean probau zituela gero Bigarren Mundu Gerran erabilitako hainbat bonba eta teknika.
Horixe ba, aproba bat baino ez...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!