Voltaire eta euskaldunak
2007-02-23 01:00 KultureaNoiz eta zelan entzun eban Voltairek gure Herriaren barri? Ez dakigu. Oro-irakurle nekagatxa izanik, bidaiazale handia eta, batez be, gizon argia, liburu batean edo bestean, edo bere bidaietan, etorri jakon ezaguera hori, betiere Boiardo (1434-1494) eta Ariosto (1474-1533) italiar poeten Orlando (hots, Errrolan) heroiaren ibilerak gogoan.
Zinez gauza harrigarria da zelan errepetiduten diran besteren esaldi famatuak, sarritan testua aldaturik (askotan goitik behera aldaturik), eta beste idazle bati egotziak.
Nork ez dau entzun, adibidez, olerki haren aitamena, zeinen lehen lerroak baitira: ‘Naziek komunistak atxilotzen zituztenean,/ isildu naiz,/ ni ez bainintzen komunista…’, eta Bertolt Brechtena dala gaineratu? Bada ez. Olerki hori Martin Niemöller (1892-1984) teologo protestante alemanarena da. Gaztetan nazi izatetik (‘nazioaren pizkundea’ etorri zala idatzi eban Adolf Hitler 1933an agintera heldu zanean), nazien aurkako amorratua izatera pasau zan, eta Dachau eta Sachsenhausen-go egoiliar izan zan luzaz.
Hori berori pasetan da deungaro aitatzen dan esaldi bategaz, Voltaire berbabide dala. Irakurleak ezagutzen dau, seguru. Eta idazle onak ez dira hutsetik libretan. Oraindik orain (urtarrilaren 27an), Joan F. Mira idazle eta historiagile valentziarrak, artikulu bat argitaratu dau Avui egunkarian, ‘Bascos, muntanya’ izenburuagaz, Euskal Herrian barrena egindako bidaia baten ondoan. Alde batera itxiko ditut Mirak bere artikuluan jaulkitzen dituan eretxi batzuk, berbarako ezker abertzalearen gainean; Batasunaren jokabidea, dino, Ekialdeko Europa eta Kaukasoko politika-moldeen antzekoa da. Bego oraingoz uste hori. Noan artikuluan datorren esaldi baten aitamenera.
Hau idatzi eban Mirak: ‘Un escriptor francès del temps romàntic, no recorde qui, definia els bascos com 'un poble que canta i balla als cims dels Pirineus’.
Jakina, idazle hori frantsesa da, bai, baina ez erromantikoa. Eta aitamena ez da zehatza. Voltaire da (1694-1778) idazlea. 1768an kontaera filosofiko bat plazaratu eban, La princesse de Babylone izenagaz. Kontaera interesgarria da, baina ez oso ezaguna. Troiako gerra ospetsua baino lehenagoko garaia aurkezten deusku Voltairek, hau da, Kristo aurreko XIII-XV. mendeak. Bada, azken aldean (lehen argitaraldiko 171. orrialdean), hau idatzi eban Voltairek (jatorrizko grafia gordeten dogu): ‘Je puis vous aider de deux mille hommes très-sobres et très-braves; il ne tiendra qu'à vous d'en engager autant chez les peuples qui demeurent, ou plutôt qui sautent au pied des Pirénées, et qu'on apelle Vasques ou Vascons’ (‘Nik lagundu ahal zaitut bi mila gizon oso neurritsu eta bulartsuz; zuri egokituko jatzu beste hainbeste engaiatzea Pirinioetako magaletan bizi diran, edo, hobeto esan, dantza egiten daben herrietan, zein Vasques edo Vascons deitzen baititugu’).
Horra, bada, esaldia. Hori behar bezela ulertzeko, kontuan hartu behar da sauter aditzaren adiera hemen garbi dagoala: 'dantza egitea', eta holan agiri da hiztegietan.
Gainera, liburuaren beste pasarte batzuetan ikusten ditugu euskaldunak musikeagaz lotuak. Adibidez, 172. orrialdean hau topetan dogu: ‘Bientôt une troupe fiére et joyeuse de Vascons arriva en dansant un tambourin’ (‘Berehala euskaldunen samalda sotil alaia heldu zan, euskaldunen tanbolin bategaz dantzan’ –hiztegietan holan dator tambourin hitza, lehen adieran: ‘Tambour de basque’, Robert hiztegi entzutetsuan, esate baterako-). Bulartsutasuna eta ausartasuna beste pasarte batean dogu, 175. orrialdean, adibidez: ‘Les Vascons diren qu'ils en avaient bien fait d'autres [hau da: expéditions], qu'ils battraient tout seuls les Egyptiens, les Indiens et les Scythes, et qu'ils ne voulaient marcher avec les Espagnols qu'à condition que ceux-ci seroient à l'arrière-garde’ (‘Euskaldunek esan eben beste gudualdi batzuk eginak ebezala, eurek bakarrik irabaziko ebezala egiptoarrak, indiarrak eta eszitak, eta ez ebela espainarrakaz ibili nahi, salbu honeek atzeraguardian baziran’). Eta beste hiru pasartetan datoz gure herritarrak, beti alai eta musikazale. Behin eta barriro aitatzen dan esaldi ha (‘Pirinioetako gailurretan kantatzen eta dantzatzen dauen herria’ edo) ez da inondik agiri.
Noiz eta zelan entzun eban Voltairek gure Herriaren barri? Ez dakigu. Oro-irakurle nekagatxa izanik, bidaiazale handia eta, batez be, gizon argia, liburu batean edo bestean, edo bere bidaietan, etorri jakon ezaguera hori, betiere Boiardo (1434-1494) eta Ariosto (1474-1533) italiar poeten Orlando (hots, Errrolan) heroiaren ibilerak gogoan.
Ordua da Voltaire ahotan hartzen badogu, zuzen hartzeko. Nori berea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!