Kontsumitzaileek Coca-Cola salatu dabe
2007-02-06 01:00Enviga edaria kaloriak erreteko produktu legez saltzeagaitik salatu dabe enpresea, kontsumitzaileen esanetan, edan eta edan arren argaltzen ez dauelako.
Ameriketako Estadu Batuetako kontsumitzaile talde batek Coca-Cola enpresea salatu dau Enviga edaria kaloriak erreteko produktu legez saltzeagaitik, izan be, kontsumitzaileen esanetan, edariak ez dau argaltzen. Salaketea New Jersey estaduan jarri dabe; edaria, estadu horretan saltzeaz gan, New Yorken eta Pensilvanian dago salgai, ez beste inon.
Salaketearen arabera, multinazionala guzurtia da edariak kaloriak erreten laguntzen dauela esateagaitik. Kontsumitzaileek dinoe enpreseak esaten ebala oinarri zientifikoak erabilten ebiezala ‘baina hori guzurra da’.
Coca-Colak 2006ko zemendian iragarri eban produktu barria. Enpresearen esanetan, edariak, ohiko produktuez gan, te berdeak berez daukan produktu antioxidatzaile bat eukan. Produktu horrek, antza, metabolismoa arindu eta energia gastetan laguntzen dau.
Hiru lata egunean
Multinazionalak dino egunean hiru Enviga lata edan ezkero (350 mililitro inguru), persona normal batek, pisu larregirik bakoak, 60-100 kaloria erreten dituala. Baina metodo hori probau daben kontsumitzaileek dinoe guzurra dala eta, gehiago esateko, ‘kontrakoa pasetan da, metabolismoa astiroago doa eta kaloria gitxiago erreten dira’.
Horregaitik, 90.000 lagun inguruk osotzen daben kontsumitzaileen alkarteak Coca-Cola enpresea salatu dau ‘publizidadean guzurrak esateagaitik’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!