Gazte-Zientzia.com, gazte eta umeei zuzendutako webgunea

Bizkaie! 2007-01-26 01:00

Zientzia eta teknologiaren informazino eta eretxi plataforma barriaren helburua euskal gazte internautei zientzia eta dibulgazinoa hurreratzea eta parte-hartzeko lekua eskaintzea da.

Zientzia eta teknologiaren informazino eta eretxi plataforma barria sortu dabe euskeraz: www.gazte-zientzia.com. Webgune barriak euskal gazte internautei zientzia eta dibulgazinoa hurreratu eta parte-hartzeko lekua eskaini gura deutse. Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailaren laguntzinoa jaso dau.

Egileen esanetan, ‘zientzia eta teknologia gero eta garrantzitsuagoak dira bizitzan. Hegazti-gripea, energiaren krisialdia, zelula ama, transgenikoak, marea baltz edota minbiziaren kontrako ikerketen ondorioak baino ez doguz ikusi behar. Testuinguru horretan, biziten gagozan iraultza digitalak, Internet eredu legez hartuta, komunikazinoaren aukera izugarriak eskaintzen deutsoz zientziari, teknologiari eta baita euskereari berari be’.

Euren helburua biharko munduan eretxia sortzea da eta, horretarako, hainbat arinen hasi behar dala dinoe: ‘sor daigun hezkuntzea, etorkizunean amankomunike ongizate eta iturri naturalen aprobetxamentu eta garapen hobea lortzeko’.

Holan, Gazte-Zientzia webguneak hainbat eduki eta herritarren parte-hartzerako lekuak eskainiko ditu. ‘Informazinoa, Dibulgazinoa eta Hausnarketa’ atalean, zientzia eta teknologiaren ganeko barriak, erreportajeak eta alkarrizketak izango dira, baita zientzia eta teknologiaren ganeko liburu kritika eta euskerazko komunikabiderik garrantzitsuenen zientzia eta teknologiaren ganeko titularrak.

‘Iritzia’ atalean, zientzia guztientzako eztabaida-foroen sormen eta mantentze-lanak batuko dira. Ganera, eretxi-inkestak egingo dira, internautei zientzia eta teknologia edukiak sortzeko aukerea emoteko.

Loturetan, zientzia eta teknologiaren ganeko webguneen zerrenda eguneratua argitaratuko da. ‘Hezkuntza ludikoa’ gunean, bitxikeriak, esperimentuak eta multimedia fitxategiak izango dira. Gainera, e-postearen bidezko dobako bidalketea be eskainiko dau webguneak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu