Joandako urtearen errepaso literarioa

Julen Gabiria 2006-12-21 01:00   Kulturea

Literaturak Euskal Herrian daukan zitarik nagusiena igarota, eta 2007ko lehenengo liburua heltzeko oindino bi hilabete inguru falta diranean, amaitu barri dan liburu-urtea errepasauko dogu. Begiratu daigun, ba, atzerantz, eta gogoratu daiguzan urte honen ezaugarrietako batzuk.

Literaturak Euskal Herrian daukan zitarik nagusiena igarota, eta 2007ko lehenengo liburua heltzeko oindino bi hilabete inguru falta diranean, amaitu barri dan liburu-urtea errepasauko dogu. Begiratu daigun, ba, atzerantz, eta gogoratu daiguzan urte honen ezaugarrietako batzuk.

Lehenengo eta behin, nabarmendu beharrekoa da 2005. urtea ipuinen urtea izan bazan, aurten ez dala holakorik gertatu, narratibeari jagokonez askoz be kopuru handiagoan argitaratu dira-ta nobelak. Poesian, barriz, urteroko dozena eskastxoa argitaratu da, eta, bertan, Leire Bilbao (‘Ezkatak’) ondarrutarra aitatu geinke literaturaren plazara agertu diran idazle barri nabarmenen artean. Genero horren barruan, baina, ezin ahaztu Castillo Suarez, Juan Ramon Makuso, Gerardo Markuleta, Luigi Anselmi edo Koldo Izagirrek (azken hori liburu bigaz) euki daben presentzia.

Narrazino edo ipuin-liburuak aztertzen hasita, Peru Magdalena izan zan genero hori inaugurau ebana 2006an: Igartza bekaren akzesita besapean ekarrela, 26 urteko durangarrak ‘Lile’ liburu freskoa atara eban. Javi Cillero bilbotarrak, barriz, ‘Ero hiria’ argitaratu eban, eta urteroko zitari huts egiten ez deutsan goierritarrak, Xabier Mendiguren Elizegik, ‘Arima enkoniatuak’. Rafa Ugalde zornotzarra etorri zan gero, ‘Gure gerretako heroiak’ liburuagaz, eta Patxi Iturregi ostean, ‘Dioramak’ istorio labur-laburrakaz. Juan Karlos Merinok ‘Kaleko ipuinak’ eskaini eban, eta udazkenaren hasieran, Txilikuk liburu interesgarria ekarri eban, normalean egiten dauen moduan: ‘Bizitza eredugarriak’. Bertan, oinarri erreala daukien fikzinozko 25 biografia bildu zituan. Jose Enrike Urrutia Capeau iurretarrak, barriz, boterearen gaineko ‘Ergelen nonbrea’ idatzi eban, eta Xabier Montoiak, Durangoko Azokaren barruan, ‘Euskal hiria sutan’ liburu mardula. Karlos Linazasorok ‘Beti eder dena’ aforismo-liburua aurkeztu dau aurton, eta Xabier Etxaniz Rojok ‘Nork bere ozeanoa’, han eta hemen saritutako ipuinakaz. Txuma Murugarren kantariak abesti ezagun batzuetan oinarritutako ‘Larrialdietarako irteera’ narrazino sortea atera dau, Berria egunkarian eguenero idazten dituan zutabeetako batzuk erreskatauta. Azkenik, lan kolektibo bi aitatu behar dira: ‘Lauburu, Pirinioetako kontakizunak’ eta ‘Basa gurina’ erotikoa. Beste alde batetik, Juan Luis Zabalak egunerokoaren formako gogoetak eskaini euskuzan ‘Inon izatekotan’ liburuan, eta Karlos Linazasorok ‘Bestiarioa. Hilerrikoiak’ bilduma plazaratu eban, bere sorkuntzaren arlo desbardinak bilduz.

Nobelei jagokenez, urtea Igartza bekearen jaube barriagaz hasi zan: Karmele Jaiok ‘Amaren eskuak’ aurkeztu eban, segiduan lortuz publikoaren onespena, 2004ko ‘Hamabost zauri’ ipuin-liburua oindino ahaztu barik geunkala. Laura Mintegi be barriro agertu da plazara, bost urtez ezer idatzi barik egon ostean. ‘Ecce homo’ nobeleagaz, politikaren eta generoaren arteko hartu-emonak aztertu ditu. Alberto Ladrón Aranak bere estiloari eutsi deutsa ‘Arotzaren eskuak’ elebarrian, eta Ixiar Rozasek ‘Negutegia’ nobela poetikoa emon dau argitara. Zerrenda sano luzea da, eta tartean aitatuko ditugu Josu Penades bermeotarraren ‘Etxea’, Patxi Zubizarretaren ‘Txantxa.Quick’, Aitor Aranaren ‘Errege hilobia’, Ardotxiren ‘Mentxakaren aitorpena’, Irati Jimenez mundakar gaztearen ‘Bat, bi, Manchester’, Fito Rodriguezen ‘Kassandra leihoan’, Paddy Rekalde deustuarraren ‘Ragga-ragga dator gaua’, Xabier eta Martin Etxebarriaren ‘Ez dadila eguzkia sartu’, Jose Inazio Basterretxea galdakoztarraren ‘Marearen erraietan’, Joxan Oizen ‘Beñat Dardo’, Nora Arbelbideren ‘Goizeko zazpiak’, Manu Ertzilla bilbotarraren ‘Obligazio bat’, Joxean Sagastizabalen ‘Kutsidazu berriz, Ixabel’ edo Jon Arretxe basauriarraren ‘Sustrai beltzak’. Aparteko aitamena merezi dabe Pablo Sastre beti interesgarriaren ‘Enpleguaren arbola’; Aingeru Epaltzaren apustu handia, XVI. gizaldira salto eginez ‘Mailuaren odola’ idazteko; Joxemari Iturralderen bost urteko isilaldia apurtu dauen ‘Hyde Park-eko hizlaria’; edo, zelan ez, Anjel Lertxundi handiaren ‘Ihes betea’, Alemania naziraino garoazana. Bistan danez, egile barriak be egon dira aurten, sei hain zuzen be, eta, horreetatik, bizkaitarrak izan dira erdiak: Leire Bilbao, Peru Magdalena. Irati Jimenez, Joxan Oiz, Juanma Sarasola (‘Ametsek ez dute kartzelarik’ poesia-liburuagaz) eta Nora Arbelbide izan dira plazara agertu diran idazle horreek.

Baina liburu barriek ez ditue notizia guztiak hartu. Bestelako albisteak be egon dira, danak be liburuen eta literaturaren ingurukoak, jakina. Esate baterako, sariei jagokenez, gauza jakina da Euskadi Sarietan Iban Zaldua izan dala garaile, ‘Etorkizuna’ ipuin-liburuagaz, gehienentzat faboritoa zan Koldo Izagirreren ‘Sua nahi, Mr. Churchill’ ospetsua albo baten itxita. Haur eta gazte literaturan Patxi Zubizarreta izan da nagusi, eta itzulpengintzan, barriz, ‘Estilo ariketak’ liburuagaz lan bikaina egin dauen Xabier Olarra. Beterriko Liburua saria Juan Kruz Igerabidek eskuratu dau, ‘Hauts bihurtu zineten’ interesgarriagaz; Farolillo de Papel saria Koldo Izagirreren aitatutako narrazinoek irabazi dabe. Kritika Saria Harkaitz Canorentzat izan da narratiban (‘Neguko zirkua’) eta Anjel Errorentzat poesian (‘Gorputzeko humoreak’), eta Igartza Saria Jon Martin bertsolariak irabazi dau, ‘Bakardadeak’ ipuin-liburuaren proiektuagaz.

Beste gai batzuetara pasauta, Euskal Idazleen Elkarteak iraultza handia bizi izan dau barrutik, eta Tere Irastortzak azken lau urteotan betetako kargua Fito Rodriguezen eskuetara pasau da, krisia amaituko dan esperantzagaz. Gainera, idazle galego, kataluniar eta euskaldunen arteko topaketea, Galeusca, Euskal Herrian egin da aurten, Iruñean hain zuzen, tabua hartuta gai nagusi lez.

Azkenik, ezin aitatu barik itxi euskal literaturak aurton izan dauen galerarik nabarmenena, bagilaren 22an hil zan-ta gure ilustrazino-egilerik mundialena, Asun Balzola bilbotarra. Madrilen hil zan, 64 urte eukazala.

Arin joan da urtea, eta arintasun horren sensazinoa handiagoa da atzera begiratu ezkero. Zorabiatzeko arriskua be badago holako datu eta oroitzapen piloagaz. Begiratu daigun, ba, aurrerantz, deika dogun 2007rantz. Datorrela urte barria, literatura onaz beteta!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu